Ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzeko helburuarekin, Larrutik Interkooperazio Feminista sarea aurkeztu zuten atzo, Kulturarteko Plaza Feministan. Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feministaren markoan lan egiten duten bederatzi kooperatiba eta elkarte daude sarearen barruan: Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean.
Aurkezpen prentsaurrekoan Larrutik sarearen asmoa zein den zehaztu zuten: «Askotariko eraldaketa feministak sustatu nahi ditugu: ez dugu lanerako bizi nahi, lan baldintzak ikuspegi feministetatik definitu nahi ditugu, merkatuan oinarri feministak ezarri eta berriak sortu nahi ditugu, eraldaketarako lan egin nahi dugu».
Helburu horiek betetzeko, zazpi punturekin osatutako eskuorri bat prestatu dute. Honakoak dira landu nahi dituzten alorrak: ekonomian ikuspegi feministatik jardutea; bizitza, zaintza eta gorputzak erdigunean jartzea; saretzea, lehiatik atera eta elkarlanean aritzeko; ezagutza partekatzea, elkarrekin hausnartzea eta probatzen jarraitzea; euskeratik lan egitea; merkatuaren hazkunde etengabearen aurrean, txikitasunetik abiatzea; eta lan baldintzak eta, ondorioz, bizitzak hobetzearen alde borrokatzea.
Interkooperazio Feministaren Jardunaldia, maiatzean
Larrutik aurkeztearekin batera, maiatzaren 24rako antolatu duten jardunaldiaren berri ere eman zuten prentsaurrekoan. Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan izango da, eta aurrerago emango dute egitarauaren zein izen ematearen berri. Bertan ekonomia feminista izango dute hizpide.