Ekhi monetaren erabiltzaileek hobariak izango dituzte 91 establezimendutan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 00:00

Hernaniko Udalak 160.000 euro bideratuko ditu 2024 urtean hobari horietara.

Hernaniko 91 establezimendu batu dira Ekhi monetaren erabiltzaileei hobariak eskaintzeko deialdira. 2024an %5 eta %15 arteko hobariak izango dira, estalezimenduak eskainitako portzentaia Hernaniko Udalak osatu duelako.

Horretarako, 160.000 euro bideratuko ditu Udalak moneta erabiltzen duten herritarrak laguntzeko, eta zehaztu dute «hernaniar guztiek» izango dutela hobariak jasotzeko aukera.

Udaletik honela azaldu dute laguntza hauen helburua: «Udalaren helburua Ekhilur sistema guztion artean sustengatzea da, eta era berean, herriko ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, komertzio txikiak babestea».

Bazkidetza kanpaina martxan jarri du Ekhilur kooperatibak

Bazkidetza kanpaina martxan jarri berri du Ekhilur kooperatibak. Urtea hasi zenetik 275 hernaniar bazkidetu dira, eta dagoeneko badute bertako establezimenduetako hobariak jasotzeko aukera. 

Bazkide egiteko 10 euro ordaindu behar dira hasieran, eta 1,95 euroko mantenu kuota kobratzen dute hilero. Udaletik nabarmendu dute kooperatibako kide direnek «Hernaniko ekonomia indartzen laguntzeko erabakietan» parte hartzeko aukera dutela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!