Kantu bazkariarekin borobilduko du Doberak 30garren urteurrena

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 00:00

Imanol Kamio eta Aitor Atxega izango dira musikariak.

Txantxangorrin izango da bazkaria. Txartelak salgai daude Doberaren bulegoan eta 662 40 66 92 zenbakian.

Kantu bazkari batekin amaituko ditu Dobera Euskara Elkarteak 30. urteurrena ospatzeko antolatutako jarduerak. Otsaileko lehenengo larunbatean izango da bazkaria, Hernaniko Txantxangorri elkartean. Musikariak Imanol Kamio eta Aitor Atxega izango dira, eta Doberatik jakinarazi dute «hainbat sorpresa» prestatu dituztela bazkarirako. 

Menuari dagokionez, otordu ederraz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: mokadutxoa, babarrunak sakramentuekin eta postrea (kafea eta edariak barne). Txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Doberako bulegoan edota 662 40 66 92 telefonoan. Bazkideek 22 euroan erosi dezakete; bazkide ez direnek, berriz, 25 euroan. 

Arrakastatsuak izan dira urteurreneko jarduerak

2023an zehar askotariko jarduerak antolatu ditu Doberak 30. urteurrena ospatzeko. Jende ugari elkartu du horietan, eta balorazio positiboa egin dute elkartetik.

Maiatzean eskaini zituzten '30 urtez euskararen normalizaziora bidean (1993-2023)' erakusketa, Dobera eta Burrunba taldeetako kideen mahai ingurua eta Zapotxinen emanaldia; udara pasata, irailean, Ene Kantaken ikuskizuna antolatu zuten; eta otsailaren 3an itxiko dute urteurrenaren ospakizuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!