Kanpaina bat jarri du martxan Etxebizitza Sindikatuak, «oinarrizko bizi bitartekoak bermatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 00:00

Hiru ekintza antolatu dituzte kanpaina berriaren baitan. «Kalitatezko bizi baldintzen alde antolatzea dagokigu», azaldu dute.

Kanpaina berri bat jarri du martxan Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatua: 'Oinarrizko bizi bitartekoak bermatu. Energiarako sarbidea denontzat' lelopean. 

Testuinguruaren irakurketarekin abiatu dute kanpainaren azalpena: «Buruntzaldean, energia enpresa haundiek 100.000 euroko irabazi garbiak dituzte egunero. Maximo historikoetan dagoen energiaren prezioen gorakadak are zailagoa bihurtu du langile familia askorentzat argia edo gasa bezalako oinarrizko bizi bitartekoak ordaintzea». Horrez gain, salatu dute azken hilabeteetan «hamarnaka familiari» gas edo elektrizitate hornidura moztu dietela. 

Egoera horren aurrean, hiru ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako: urtarrilaren 28ra arte manten eta neguko arroparen bilketa egingo dute; otsailaren 7an fakturen, tarifa moten eta diru laguntzen inguruko hitzaldi praktikoa eskainiko dute; eta otsailaren 14an hornidurekin arazoak dituzten pertsonei zuzendutako aholkularitza saioa egingo dute.  «Oinarrizko bizi bitartekoak bermatzeko» eta «energiarako sarbidea denontzat eskuragarri jartzeko» pausuak ematea izango da saioen helburua.

Jarduera guztien zehaztasunak Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistaren sare sozialen bidez hedatuko dituzte: «Proletargoak bizi bitarteko oinarrizkoenak ere ez ditu bermatuta kapitalismoan, eta beraz, denontzako kalitatezko bizi baldintzen alde antolatzea dagokigu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!