XXVIII. Tabernetako Bertsolarien Txapelketa jokatuko dute gaur, Garinen

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 00:00

Gaueko 22:00ak aldera hasiko da saioa. Momentuz, hamabi bertsolarik eman dute izena, parte hartzaile historikoak barne. 

San Sebastian egunaren bezperan danborren burrunba noiz iritsiko zain izaten dira asko. Hernanin, ordea, nahiago izaten dute bertso bidez igorritako zirien, zirtoen, txiste onen (edo txarren) hotsa. Urteroko legez, gaur jokatuko dute Garin Herriko Tabernan XXVIII. Tabernetako Bertsolarien Txapelketa, gaueko 22:00ak aldera hasita.

Hernaniko Paulo Ttikiya Bertso Eskolak antolatuta, saio berezia izango da aurtengoa ere. Oholtzan, momentuz, hamabi bertsolari izango dira, parte hartzaile historikoak eta gazteak nahastuta: Oxan, Xapo, Haritz, Ahetze, Xabat, Notayo, Notayo II, Xuban, Otxoto, Joseba, Iñigo eta Harri. Hala ere, zalantzan dabiltzan bertsolariek azken momentura arte izango dute izena emateko aukera, bertso eskolako kideekin hitz eginda. 

Izaera jolastia izango du saioak

Txapelketa izan arren, gaurkoa ez da bertso saio zurruna izango. Bertso eskolako kideek ariketa jolastiak prestatu dituzte, eta fasez fase zailtzen joango dira egitekoak. Aurtengo txapela ere buruz buruko saioan erabakiko da; saioko bi bertsolari onenak arituko dira nor baino nor. 


Ekain Tolaretxipiren lekukoaren bila

Arrakastatsua izaten da Tabernetako Txapelketa, eta jende ugari elkartzea espero da gaurkoan ere. Jendeak ondo gogoratzen du oraindik iazko saioa; Ekain Tolaretxipi hernaniarrak jantzi zuen txapela, Harri Agirresaroberekin buruz burukoa jokatuta. 

Tolaretxipik ezin izango du txapelaren defentsa egin; beraz, goizaldean jakingo da nor den txapeldun berria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!