Klima aldaketari buruz hernaniarren iritziak jasotzeko partaidetza saioa antolatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 18a, 00:00

Iturmendi auzotik ateratako argazkia. Irudia: Hernaniko Udala.

Klima aldaketara egokitzeko Planaren baitako partaidetza saio irekia izango da. Urtarrilaren 25ean izango da, 18:00etan hasita, Biterin.

Une honetan, Hernaniko Udala klima aldaketara egokitzeko Plana lantzen ari da, «krisi klimatikoari aurre egiteko», argudiatu du. Udalak azaldu du Planaren helburua dela berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteaz gain, dagoeneko aurreikusten diren inpaktuetara egokitzeko ekintzan martxan jartzea.

Eta horretarako, Udalak Hernaniko herritarrek klima aldaketaren inguruan duten ikuspuntua eta kezkak ezagutu nahi ditu: «izan ere, herritarrak dira euren herria ondoen ezagutzen dutenak».

Iritziak biltzeko, urtarrilaren 25erako, partaidetza saio ireki bat antolatu du Udalak, arratsaldeko 18:00etan hasita, Biterin. Partaidetza saio irekia da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du, «edonork har dezake parte saioan, ez baita inongo ezagutza teknikorik behar», gehitu du Udalak.

Hala, saio honetan, Udalak esku artean dituen datuak eta informazioa herritarrekin partekatuko ditu, eta horrez gain, etorkizunean garaiarekin lotuta egin beharko liratekeen ekintzan definitzeko proposamenak ere bildu nahi ditu.

Partaidetza saio ireki hau, Hernani klima aldaketara egokitzeko Planari lotutako bigarren partehartze saioa izango da, izan ere, abenduan, herritarrek online formatuko galdetegia betetzeko aukera eskaini zien Udalak eta hori izan zen aurreneko partehartze saioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!