Gaur aurkeztuko dute Kutxabank Master txapelketaren 14garren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 18a, 00:00

2022ko Kutxabank Masters txapelketaren finaleko irudia.

Txapelketari buruzko xehetasunak gaur aurkeztuko dituzte Donostiako Aquariumeko auditorio nagusian, arratsaldeko 18:30etan.

Gaur aurkeztuko du Oriamendik Kutxabank Masters Erremonte Txapelketaren 14garren edizioa. Oriamendik aurreratu du txapelketa honetan pelotaririk onenek hartuko dutela parte: «Beraien trebetasun guztiak erakutsi beharko dituzte kantxan, txapelaren titulua lortzeko». 

Txapelketaren xehetasunak kontatuko dituzte gaur, arratsaldeko 18:30etan, Donostiako Aquarimueko auditorio nagusian egingo duten aurkezpenean: «Bertan jakinaraziko dugu txapelketan parte hartuko duten pelotarien artean aldaketa garrantzitsu batzuk egongo direla».

Erremonte zaleentzat, berriz, dagoeneko aurreratu dute Masters Txapelketako egutegia: urtarrilaren 27an izango da aurreneko partidua 16:30etan;  otsailaren 3an 16:30etan; otsailaren 9an 18:00etan; otsailaren 17an 16:30etan, eta azken jaialdia otsailaren 24an izango da, 15:30etan. Partidu guztiak Galarreta Jai-Alai frontoian jokatuko dituzte. 

Sarreren salmenta berria martxan, Oriamendik

Txapelketaren nondik norakoen berri emateaz gain, Oriamendik laister iragarriko du sarreren salmenta eta kudeaketarako metodologia berria. Izan ere, metodologia honek «aurreko erremonte finalean izandako arazoak konpontzeko asmoa du eta ohiko zaletuei, Galarreta Jai-Alai frontoira maiz joaten direnei, erraztasunak eskaintzea du helburu». Oriamenditik erremontearen zale guztiei gonbidapena luzatu diete: «Gure ekitaldi honetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu herritarrei. Kutxabank Masters Erremonte Txapelketaren 14garren edizio honek, kirola, tradizioa eta berrikuntza uztartzen ditu, eta zuen presentzia funtsezkoa izango da, giro bikain batean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!