Udalak Ekhiaren erabilera sustatzeko dirulaguntza deialdia aurkeztu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

Dirulaguntza deialdiaren helburuak dira, besteak beste, herrian zirkuitu ekonomiko itxiak sortzea eta herritarren erosketa ohiturak aldatzea.

Hernaniko Udalak 2021garren urtean, Ekhilur kooperatibaren bazkide laguntzaile izateko eta Ekhi izeneko moneta soziala martxan jartzeko erabakia hartu zuen, izan ere, «Ekhi moneta sozialaren erabilera lagungarria izango da Hernanin %100 tokiko merkataritza eta ekonomia jasangarria eta solidarioa sustatzeko».

Beraz, Hernaniko Udalak agente aktibo izan nahi du eraldaketa horretan, eta horretarako, Hernanin Ekhiaren erabilera  sustatzeko dirulaguntza deialdia aurkeztu du. Ondorengoak dira Hernanin Ekhiaren erabilera sustatzeko dirulaguntza deialdiaren helburuak, besteak beste, herrian zirkuitu ekonomiko itxiak sortzea, tokiko ekonomia eta merkataritza indartzeko; herritarren erosketa ohiturak aldatzea, erosketak herrian egitera animatuz, ekonomia jasangarria bultzatu ahal izateko; komunitatea indartzea; hurbiltasun ekonomia indartzea, ikuspegi solidariotik.

Dirulaguntza jaso dezaketen onuradunak izan daitezke, Hernanin kokatuta dauden saltokiak, kooperatibak, enpresak eta elkarteak; jardueraren egoitza Hernanin duten norberaren konturako langileak; eta Hernanin erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona fisikoak.

 

Parte hartzeko bete beharreko baldintzak

Dirulaguntza deialdi honetan parte hartzeko aukera izango dute; batetik entitateak eta norberaren konturako langileak; eta bestetik herritarrak. Lehenengoaren kasuan, parte hartzeko aukera izango dute  Ekhi moneta soziala ordainketa modu gisa onartzen duten enpresek, saltokiek, kooperatibek, elkarteek eta norberaren konturako langileek. Horiek guztiek egiaztatu beharko dituzte ez dutela inongo debekurik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 13. artikuluan; zerga betebeharretan egunean daudela; eta entitatearen egoitza, edota jardueren egoitza, Hernanin daukatela. 

Herritarrei dagokienez, parte hartzeko aukera izango dute, Ekhi moneta soziala ordainketa modu gisa onartzen dutenek. Horretarako beharrezkoa da Hernanin erroldatuta egotea, 18 urte beteta izatea eta Hernaniko Udalarekin zorrik ez izatea.

Azkenik, Ekhi Hernaniko moneta sozialaren erabilera herritarren artean sustatzeko dirulaguntza kanpainan parte hartzeko sartu 'www.ekhilur.eus' webgunean. Jarraian, kontuan errekargu bat egin, eta kanpainan parte hartzeko baldintza onartu behar da, eta sistemaren bidez erosketak bideratu. Epea dagoeneko irekita dago eta 2024ko abenduaren 31ra bitartera arte mantenduko da irekita. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!