Pornografia eta sexu-heziketa hizpide bihar, 'Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?' hitzaldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

Hitzaldi zikloa antolatu du Astigarragako Euskara eta Hezkuntza sailak, eta urtarriletik maiatzera bitartean izango dira. Hitzaldi guztiak doakoak dira, eta 18:00etatik aurrera eskainiko dira, Erriberan. Bihar emango zaio hasiera hitzaldi-zikloari, sexu heziketari buruzko saio batekin.

Astigarragako Udaleko Euskara eta Hezkuntza sailak, aurtengo ere haurren eta nerabeen gurasoentzako hitzaldi-zikloa antolatu du «iazko zikloak izandako harrera ona ikusita». Astigarragako Udalak azaldu du ekimen honek herritarren artean harreman osasuntsuak eta parekideak sustatzeko helburuarekin bat egiten duela.

Guztira 7 hitzaldi eskainiko dituzte, «punta-puntako trebatzaileekin» urtarriletik maiatzera bitartean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Erriberan, eta doakoak dira. Bihar izango da ziklo-irekiera, sexu-heziketari buruzko trebatze saio batekin, hain zuzen. Eider Goibururen eskutik, pornografia eta sexu-heziketa izango dira hizpide 'pornografia gaur egungo sexu heziketa ote?' izeneko hitzaldian. Hitzaldian parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da 943 33 50 64 telefonora deituta, edota euskaraetahezkuntza@astigarraga.eus helbidera idatzita.

Pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina

Biharko hitzaldiaren helburua da pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertzea eta familiek nerabeen sexu-heziketan duten funtzioa indartzea: «Hezkidetzan oinarritutako ikuspegi batetik landuko da gailentzen den pornografia eredua, nerabeen hezkuntza prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak eskaintzeko».

Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkartearekin lankidetzan osatu dute 2023 eta 2024 ikasturteari begirako programa, eta aurten ere, eskaintza zabala osatu dute, ahalik eta eskaintza zabalena ekartzeko Astigarragara.

Orokorrean, hitzaldi-ziklo mamitsua izango da, «azken boladan haur eta nerabeen bueltan sortzen ari diren problematiken inguruan jarriko da arreta. Pornografia eta sexu-heziketa, hezkidetza, drogen kontsumoa eta baita substantziarik gabeko adikzioak ere... Eta, nola ez, pantailak. Haurren garapenean bete-betean eragiten dute pantailek. Gurasoei ahalik eta informazio gehiena eskaintzea da helburua. Izan ere, pantailen erabileraren atzean hainbat gai ezkutatu ohi dira eta ezinbestekoa da errealitatea ondo ezagutzea; gaiaz hausnartzeko eta kontzientzia hartzeko» . 

Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzera dator ekimena. Horregatik guztiagatik, guraso guztiak saioetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu  Astigarragako Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!