Olazabal garaile, Mitxintxolako Igoeran

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 00:00

Jon Ander Olazabal hernaniarra lasterketaren helmugan.

17 minutu eta 13 segundotan osatu zituen 3,3 kilometroak, 325 metroko desnibel positiboarekin.

Igandean antolatu zen Mitxintxolako Igoeraren XIII. ekitaldia Pasai Donibanen, eta  Jon Ander Olazabal hernaniarrak erdietsi zuen lehenengo postua. 17 minutu eta 13 segundo behar izan zituen lasterketaren 3,3 kilometroak osatzeko, 325 metroko desnibel positiboarekin.

Ibilbide osoan zehar mantendu zen lehenengo postuetan Agerre Mendi Lasterketa Taldeko korrikalaria. Aurreneko aldapak igotzen hasi eta berehala, Oier Etxeberria lasterkari azpeitiarra jarri zitzaion atzean, eta Olazabalek bizpahiru eraso jo arren, ez zuen lortu aurkariari distantziarik ateratzea. «Kilometro eta erdiren faltan, aurrean jartzen utzi nion, ez nekielako nondik zen lasterketaren ibilbidea eta ikusi nahi nuelako bera ere zein indarrekin zegoen, hor izugarri sufritu nuen eta ia-ia gelditu egin nintzen», azaldu du. 

Azken 300 metrotan, ordea, Mitxintxola gaineko helmugako banderak ikusi zituen eta, kale edo bale, azken erasoaldia jotzea erabaki zuen: «Iristeko 100 metro falta zirela, atzera begiratu nuen eta lehiakidea jada geldituta zegoela ikusi nuen». Azkenean, 16 segundoko abantaila atera zion Etxeberriari eta Eñaut Lasarte donostiarra helmugaratu zen hirugarren. (17:44). 

Ondorengo bideoan ikusi daiteke Jon Ander Olazabal helmugaratzen:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!