Ekitaldi ederrarekin ospatu zuten Chillidaren lehenengo mendeurrena

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 14a, 00:00

Ordezkari politiko ugari elkartu ziren Victoria Eugeniako ekitaldian.

Bertan izan zen Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, eta Chillidak Hernanirekin zuen lotura nabarmendu zuen.

Aurreko asteazkenean, urtarrilaren 10ean, ospatu zuten Eduardo Chillida artistaren jaiotzaren lehenengo mendeurrena, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ordezkaritza politiko zabala bertaratu zen ekitaldira, tartean Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea.

Anne Igartiburuk eta Mikel Chillidak gidatu zuten saioa, eta oholtzan oso presente izan ziren artistaren obra, ikuskera eta pentsamendua. Lertxundik egindako hitzartzean, Chillidak Hernanirekin izandako harreman estua nabarmendu zuen: «Harreman estua izan zuen Hernanirekin, familia bertan bizi izan baitzen urte batzuetan zehar eta bertan hasi baitzen burdina lantzen. Lanean ari gara Hernanik eta Chillidaren obrak elkarrekin jarrai dezaten», azaldu zuen.

Ekitaldi jendetsuaz gain, ate irekiak egiten ari dira museoan asteburu honetan. Jende ugari bertaratu da Chillidaren obra gertutik ezagutzera.

Chillidaren iragan politikoari buruzko testua, bolo-bolo

Ospakizunez gain, beste gai batzuengatik ere aipatu dute Chillida azken egunetan. Zehazki, ikusmin haundia sortu du Hedoi Etxarte idazleak CTXT aldizkarian argitaratutako 'La importancia de llamarse Chillida' testuak.

Zenbait anekdota biltzen ditu testuan, Pedro Chillidak, artistaren aitak, 1936ko altxamenduan izandako rola azaltzeko; baita eskultorearen gazte garaiko ideologia politikoa azaltzeko ere. Etxartek ondorengo galderarekin borobiltzen du testua: «Zergatik dago obsesio bat Chillida giza eskubideekin eta ezberdinen arteko elkarrizketarekin lotuta erakusteko, eta, horrenbestez, beti alde batera uzteko 'bere gaztaro falangista ultra eta erradikala'?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!