Hernaniko jubenilek euren artean jokatuko dute trinketeko finalerdia

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Aimar Zabalak eta Markel Urdangarinek, Beñat Olazabalen eta Martin Alberdiren aurka jokatuko dute gaur Gipuzkoakoa, 11:30etan Iruran.

Asteburu garrantzitsua dute aurretik Mundarro eta Hernani taldeetako pelotariek. Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalerdiak jokatzen ari dira Irurako trinketean, atzotik eta bailarako bost bikotek finalerako txartelak nahi dituzte.

Gaur, 11:30etan, bi bikote jubenil hernaniarrak bata bestearen aurka arituko dira Iruran. Honela, Aimar Zabalak eta Markel Urdangarinek, Beñat Olazabalen eta Martin Alberdiren aurka jokatuko dute. Irabazleak finalera sailkatuko dira.

Bihar, 12:00etan frontoi berean, Unax Manterolak eta Eneko Sorondok bigarren mailako seniorren finalerdia jokatuko dute Zazpi Iturriko Zabalaren eta Mujikaren aurka.

Bart gauean Hernaniko eta Mundarroko bikoteak lehiatu ziren lehenengo mailako finalerdian. Xabier Barandiaran eta Oier Gurutzealde astigartarrak faborito ziren, Jon Jara eta Iñigo Labaka hernaniarren aurrean.

Euskal Herriko Kluben arteko txapelketa hasiko da

Gaur bertan, Euskal Herriko Kluben arteko txapelketa hasiko da eta Hernanik eta Mundarrok ordezkaritza izango dute. Gaur Irurtzunen 16:00etan, Senior mailan, Lizeaga anaiek Irurtzungo taldearen aurka jokatuko dute. Bihar, 11:00etan Soraluzen, ohorezko mailan, Apaolazak eta Labakak, Soraluzeren aurka jokatuko dute. 

Rufino Rekalderi omenaldia 17:30etan hasiko da Mikel Goñirekin

Rufino Rekalderi omenaldia egingo diote gaur, 17:30etatik aurrera, kiroldegiko frontoian eta jaialdi oso erakargarria antolatu dute. 28 urtez klubeko ordezkaria izan dena omentzeko bi partidu antolatu dira. Lehenengoan Jon Jarak eta Oier Alegriak, Julen Deskargaren eta Unai Etxarriren aurka jokatuko dute. Bigarrenean Mikel Goñi izango da Hernanin, bera ere agur esaten ari da frontoietan. Unax Manterola lagun duela, Xabier Salaberriaren eta Josu Altunaren aurka lehiatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!