«Partaidetza prozesu hau herritarrekin batera egingo dugun prozesu bat da»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Xabier Lertxundi jardunaldiko nondik norakoak azaltzen, Kronikarako elkarrizketan.

'Partaidetza eta Hernani: nola eragin herriko erabakietan nire errealitatetik abiatuta?' izeneko jardunaldia antolatu du urtarrilaren 27rako Hernaniko Udalak, Biterin. Goizeko 09:45etan irekiko dira jardunaldiko ateak eta 10:00etan emango zaio hasiera herri mailako aurkezpenari, eguerdiko 13:00ak arte. Xabier Lertxundik herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu, Udalaren izenean: «hernaniarrak jardunaldira bertaratzera animatu nahi ditugu».

«Herritarren partaidetza» izan da azken aldian, Hernaniko Udalaren jomuga nagusietako bat. Izan ere, aurreko legegintzaldian jarri zuen martxan parte hartzeari buruzko hausnarketa prozesua eta hilaren 27an herritarren aurrean aurkeztuko du. 

Une honetan Udala, besteak beste, herritarren parte hartzeko moduak eta bideak hobetzeko hausnarketa prozesuaren garapenarekin dabil buru-belarri. Hori horrela, orain arte bildutako informazioarekin diagnostikoa egiten ari da, eta urtarrilaren 27an ‘Partaidetza eta Hernani: Nola eragin herriko erabakietan nire errealitatetik abiatuta?’ izeneko, herri mailako aurkezpena egingo du Biterin, goizeko 09:45etatik 13:00etara bitartean. Horrenbestez, prozesuaren eta jardunaldiaren xehetasunak elkarbanatu ditu Hernaniko alkatea den Xabier Lertxundik Kronikarekin. 

«Udalaren eta herritarren arteko harremana, lotura eta komunikazioa hobetzea da prozesu honen helburua», jakinarazi du Lertxundik elkarrizketa hasi bezain pronto. Iazko urritik abendura bitartean egin zuen Udalak lehenengo analisia auzo elkarteekin, eta orain jasotako datuak herritarrekin elkarbanatzeko garaia heldu da: «Udal zerbitzuak optimizatzeko eta herritarrei zerbitzu hobea emateko helburua betetzeko eredu egokiena zein ote litzatekeen aztertzeko asmoz abiatu dugu hausnarketa prozesu hau». 

Urtarrilaren 27ko jardunaldian, sarrera bat egingo zaie herritarrei prozesuari buruzko azalpen batekin, eta Lertxundik azaldu du ondorengoa jarriko dutela erdigunean: «nola daukate herritar guztiek aukera modu berean parte hartzeko, herriko erabakietan eta Udalarekiko harremanean». Jardunaldiak zati ezberdinak izango ditu, eta Lertxundik modu laburrean zerrendatu ditu: «lehenengo zatia izango da antolaketa edo proposamen hau nondik datorren azaltzea, izan ere, ez da egun bateko kontua, honek atzean prozesu bat izan du; Udal teknikariekin, auzo elkarteekin, ausaz aukeratutako herritarren iritziekin eta ondorioekin landutako proposamen zirriborroa, hain zuzen ere. Jarraian, aditu bat etorriko da: Itziar Gonzalez Virós kataluniarra. Bera arkitektura sozialean aditua da eta lan asko egin ditu arkitekturatik nola eragiten den bizitza sozialean. Ez bakarrik eraikitzera goazen momentuan, baizik eta nola egin dezakegun sortuta dagoen arkitektura honetatik, komunitatea indartzeko eta partaidetza haunditzeko. Gonzalezek Hernanin dauden egitasmo asko ezagutzen ditu eta Hernani Burujabe ere ezagutzen du. Horrenbestez, berak bere planteamenduak botako dizkigu urtarrilaren 27ko jardunaldian. Segidan, atseden bat ere egongo da, kaferako tartetxo bat, eta partaideekin modu informalago batean egoteko aukera ere bai. Eta amaitzeko, hausnarketarako momentua egongo litzake».

 
Herritar guztiak izango dira ongi etorriak jardunaldi irekian

Elkarrizketan, Lertxundik herritar guztiei egin die jardunaldira bertaratzeko deia, partaidetzan «salto» bat egiten ari direla argudiatuz. Hala ere, jardunaldira bertaratzeko aldez aurretik izena ematea gomendatu du: «antolaketa aldetik errazagoa izango delako. Horretarako QR loturak jarri ditugu eskuragai jardunaldiko karteletan, edota ‘partaidetza.hernani.eus’ estekan sartuta ere eman daiteke izena». Horrez gain, Udalak beste teknika bat erabili du «partaidetzari garrantzia» emateko: ausa bidezko aukeraketa eginez. «Guztira 200 herritarrei gutun bat bidali zaie etxera, jardunaldirako gonbidapenarekin», azaldu du Hernaniko alkateak, eta jarraian, arrazoiak elkarbanatu ditu: «askotan, herritarrek deialdi bat ikusten dutenean, ez dute beren burua gonbidatuta sentitzen. Aldiz, norbaitek zuzenean gutuna jasotzen duenean gonbidapenarekin, ezberdina izan daiteke, eta gonbidatuta dagoenez etortzeko aukera dituela pentsatuko du. Ausaz aukeratu dira herritar hauek irizpide batzuk jarraituz; hala nola, generoa, adina, kokalekua... Hernani osoa errepresentatua izango den lagin bat osatzeko. Modu honetara herritarrengana heldu nahi dugu eta gure asmoa da herritarrak sentitzea parte hartu dezaketela».

«Jardunaldian ondorioak aurkezten ditugunean, herritarren feedback-a jaso nahiko genuke»

Hala ere, gonbitea herritar ororentzat dela gogorarazi du Lertxundik: «gutuna jaso ez dutenak ere gonbidatuta daude, eta bertaratu nahi duen orok izena ematea gomendatzen dugu. Jardunaldira edonor etorri daiteke, denentzat ulerterraza izango den jardunaldi bat izango baita, gure egunerokotasunaz hitz egingo duguna, partaidetza eta Udalarekiko harremana oinarri hartuz». Era beran, Hernaniko alkateak Itziar Gonzalez Virósen hizketaldira animatu ditu herritarrak: «Ez da adituentzako jardunaldi bat. Aditu bat dator, eta oso ondo aukeratu dugun aditua da. Itziar Gonzalezen azalpenak oso argiak eta interesgarriak dira, herritar orok ulertzeko modukoak. Udaletik hausnarketa partekatuko dugu, eta Gonzalezek maila teoriko batean azalduko ditu hausnarketa hauek, baina oso maila praktikoan. Gonzalezek bertatik bertara bere azalpenak emango dizkigu eta oso baliogarria egingo zaigu, izan ere, bere azalpenak Hernaniri bideratuak izango dira».

Partaidetza jomuga

Urtarrilaren 27rako antolatutako jardunaldiarekin «partaidetzaren garrantzia» indartu nahi du Udalak, «nahi dugu herritarrak gerturatzea eta hausnartzea partaidetzaren garrantziaz, eta batez ere ondorioztatzea herritar ororen partaidetza dela garrantzitsua. Edonork har dezake parte, herritarrak ez du zertan izan behar elkarte bateko kide. Parte hartzeko ez ditu zertan ikasketa maila batzuk bereganatuta izan behar, edota adin jakin bat eduki behar». Herritarren partaidetza haunditzearekin batera, Udalaren asmoa «partaidetza kultura ere egunerokoan normalizatzea» dela esan du Lertxundik. 

«Ez da adituentzako jardunaldi bat. Aditu bat dator, eta oso ondo aukeratu dugun aditua da. Itziar Gonzalezen azalpenak oso argiak eta interesgarriak dira, herritar orok ulertzeko modukoak»

Jardunaldian aurkeztuko dituzte orain arteko ondorioak, eta Lertxundik azaldu du 'feedback'a jasotzea dela xedea: «behin ondorioak aurkezten ditugunean, herritarren 'feedback'a jaso nahiko genuke; honakoa ere kontutan izango baititugu, prozesurako. Hala ere, 'feedback'a fase guztietatik jasoko dugu: «orain ari garena da lehenengo probak egiten; aurrenekoa auzo elkarteetako ordezkariekin egin genuen, hausnarketa zirriborroa aurkeztuz; bigarren aurkezpena jardunaldi honekin egingo dugu, eta tartean ari gara 'Auzo bira'rekin buru-belarri. Fase guztietatik jasoko dugu 'feedback'a».
 

Desoreka identifikatu ostean, prozesua abiatu

Lertxundik argi adierazi du jardunaldian ez dela hitz egingo Gobernu planaz: «hitz egingo dugu partaidetzaz eta antolaketa modu batez. Auzo birak erabili ditugu landutakoa praktikan jartzeko, batez ere, banaketari dagokionean. Izan ere, prozesu guzti honek ez ditu inondik inora aldatuko auzo elkarteek dituzten ekintzak, bideak, helburuak… Ez da ordezkatzera datorren zerbait. Auzo elkarteek, zorionez beren bizitzekin jarraituko dute, espero denbora luzez. Desoreka ekiditeko prozesu bat da». 

Osteguneko 'Auzo bira', Floridako elizan.
 

Desoreka hori, Pandemia aurretik identifikatu zutela nabarmendu du Hernaniko alkateak, eta testuinguruan kokatu gaitu: «pandemia aurretik aurrekontu partehartzaileekin auzoz auzo joaten ginen. Pandemiarekin ordea, dena paralizatu zen, eta ezin zer ezer ere egin. Denboraldi hau amaitu ostean, Gobernu taldea bildu eta mahai gainean jarri genuen berriro aurrekontu partehartzaileen kontua. Honi guztiari buelta bat eman genion, izan ere, konturatu ginen Hernanin hainbat auzo elkarte daudela, gune geografiko batean, baino badaude beste gune batzuk, ez dutenik auzo elkarterik. Horregatik, galdetu genuen Gobernu taldean: nola eragiten du horrek, Udalarekiko duten harremanean edota partehartzean?». Azterketarik egin gabe, Hernaniko Udala konturatu zen desoreka bat zegoela: «auzo elkarteetako jendeak parte hartzeko aukera gehiago zuten, auzo elkarteetan ez zeudenak baino». Ondorioz, «hutsune haundi bat» identifikatu zutela azaldu du Lertxundik, eta hortik abiatu zen 'Auzo bira': «azterketa sakonik egin gabe, auzo batzuk multzokatuz, bilerak egin genituen. Mapa bat osatu genuen, auzo elkarteen taldean sartzen ez ziren guneak ere sartuz. 'Auzo bira' horien emaitza izan zen parte hartze haundia egon zela». Jarraian, lanketa «tekniko eta zehatzago» bat egiten hasi zen Udala. Bi multzotan egin zuten; batetik, Udal mailan, teknikariekin egin zen hausnarketa eta azterketa prozesu bat; eta bestetik, elkarteekin. Horrez gain, saio bat ere egin zen ausaz aukeratutako herritarrekin. Hausnarketa prozesua egin ostean, Lertxundik azaldu du Udal teknikariek ondorengo proposamena egin zutela: «herriko gune guztiak 8 eremutan banatu ditugu, eremu bakoitzean sartzen dira auzo elkartea dutenak, edota ez dutenak. Hori orain auzo biretan praktikan jarri dugu eta ondorioztatu nahi dugu horrek parte hartzean zer nolako eragina duen. Asteartean hasi ginen eta oraindik ezin dugu ondorio zurrunik atera, baina ikusten da deialdia modu honetara egiteak erakartzen duela ohiko deialdietan etortzen ez diren herritarrak».

Auzo elkarteekin lehenengo kontrastea eginda, ondorio bat izan zen «antolaketak baduela zuzeneko eragina herriko bizitzan». Horregatik, Lertxundik azpimarratu du Udalaren asmoa dela «ahalik eta herritar gehienek sentitzea parte hartu dezaketela. Horrekin lortuko dugu komunitate koesionatu bat. Orduan ildo horretan, egin dugu planteamendu praktiko bat helburu hortara heltzeko».

«Partaidetzari dagokionez, ari gara barruti moduko batzuk antolatzen, auzo ezberdinetako multzoak osatuz, Udala eta herritarren arteko komunikazioa eta partaidetza hobetzeko».


Hari horri tiraka, Lertxundik aitortu du prozesu honek ez duela auzo elkarteen bizitza «inondik inora aldatuko: prozesu hau ez da ordezkatzera datorren zerbait. Auzo elkarteek, zorionez beren bizitzekin jarraituko dute. Desoreka ekiditeko prozesu bat da.  Ez goaz auzoak desmantelatzera, denak berdin jarraituko du,  partaidetzari dagokionez, beste modu batera antolatu nahi dugu. Ari gara barruti moduko batzuk antolatzen, auzo ezberdinetako multzoak osatuz, Udala eta herritarren arteko komunikazioa eta partaidetza hobetzeko».

Datozen urratsak

Jardunaldian, Hernaniko Udalak herritarren aportazio eta iritzi guztiak jasoko ditu, «eta horren arabera, partaidetzako proposamena osatzen joango gara, bai antolaketari dagokionez, bai eta egiteko moduari dagokionez», gehitu du Lertxundik.  Amaitzeko, herriko alkateak hernaniarrei jardunaldira bertaratzeko gonbitea luzatu die, eta elkarrizketari amaiera eman dio ondorengoa esanez: «partaidetza prozesu hau ez da guk diseinatutako eta martxan jarritako prozesua, denok elkarrekin egingo dugun prozesu bat da»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!