Talde nagusiak bueltan dira partidu garrantzitsuekin Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Zubipera itzuliko da gaur futbola.

Euskal Ligako neskek Leioa izango dute aurkari, Hernaniko mutilek Real Union eta jubenilek Danok Bat.

Hernaniko neska eta mutil nagusiek urteko aurreneko partiduak jokatuko dituzte gaur eta bihar Zubipen. Oraindik ere asko falta da denboraldia amaitzeko, baina norgehiagoka garrantzitsuak dira jokatu beharrekoak, batez ere Ohorezko Erregional mutilen partidua. 

Euskal Ligako neskek bihar Leioako Emakumeak taldea izango dute aurkari Zubipen, 17:30etatik aurrera. Seigarren postuan sailkatuak, laugarren posturako borrokan dabiltza hernaniarrak eta Leioako taldea azken postuetan dago sailkapenean. Irabazi beharreko partidua da eta horrek laugarren postura hurbilduko luke.

Ohorezko Erregionaleko talde hernaniarrak ere gaur, 15:30etan, Zubipen jokatuko du Real Unionen aurka. Hernanik bolada onari eutsi nahi dio ezin estuagoa dagoen txapelketan. Hernaniarrak seigarren postuan daude kokatuak 29 punturekin, baina Aretxabaletaren lehenengo postua, gertu, lau puntura dago. Lehenengo itzuliko partidua da gaurkoa eta irabaziz gero lehenengo postuaren borrokan buru belarri sartuko litzateke taldea bigarren itzuliaren faltan. Azaroaren 1ean galdu zuen Hernanik azken partidua eta ordutik zazpi partidu galdu gabe daramatza. Hiru puntuak garrantzitsuak dira bolada onari eusteko. 

Mundarrok bart arratsean jokatu zuen Getariakoren aurka etxetik kanpora, Preferente mailan.  

Jubenilek bolada txarrarekin amaitu nahi dute

Zubipen hirugarren partidu garrantzitsu bat jokatuko da asteburuan. Jubenil Nazional taldeak Danok Baten aurka bihar, 15:30etan, jokatuko du. Azken postura jaitsi dira urriaren 8an azken partidua irabazi eta gero. Hamaika jardunaldi igaro dira ordutik eta hernaniarrek ez dituzte hiru puntuak eskuratu partidu batean. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!