Lehenengo faseko azken partidua jokatuko du gaur Hernanik Gasteizen

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Lehenengo fasea Gaztediren aurka itxiko du Hernanik, Gasteizen.

Gaztediren aurka jokatuko dute 15:30etan hernaniarrek, Gamarran, igoera fasera sailkatzeko ia aukerarik gabe.

Hernanik gaur amaituko du lehenengo fasea azken partidua jokatu eta gero. Gasteizen Gaztediren aurka jokatuko dute trikoloreek, 15:30etatik aurrera, Gamarrako zelaian. Hernaniarrak bosgarren postuan daude sailkatuak Ohorezko B Mailako A multzoan eta gasteiztarrak seigarrenak dira 24 punturekin. Beraz hernaniarrek bosgarren postua ziurtatuta dute. 

Hala ere, hernaniarren helburua, denboraldi hasieran, igoera faserako sailkatzea zen eta nahiz eta matematikoki aukerak izan ia ezinezkoa da hiru lehenengo postuetan sailkatzea. Horretarako bonusarekin irabazi behar dute gaur Gasteizen eta Zarautzek eta Gernikak galdu egin behar dute. Zarauztarrek gainera, bonusik gabe galdu beharko lukete Hernanik aukeraren bat izan dezan. Zarautzek 34 puntu ditu eta Gernikak 32. Zarauztarrek Uribealdea taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gaur, Astin, eta gernikarrek La Únicaren bisita izango dute. Bi aurkariak azken postuetan daude sailkatuak eta beraz gaur galtzea zaila baino zailagoa da. 

Hala ere, hernaniarrek zapore onarekin amaitu nahi dute lehenengo fasea eta horretarako garaipena beharrezkoa da. Ez da erraza izango Gaztedi oso maila onean aritu baita lehenengo fase guztian zehar eta bere sailkapenak erakusten du partidu oso berdindua ikusiko dela gaur Gamarran. 

23 urtez azpikoak gaur Landaren, Goierriren aurka

2024garren urteko lehenengo partidua Landaren jokatuko du 23 urtez azpiko taldeak. Ordiziko Goierri bigarren taldea izango dute aurkari, gaur 16:00etatik aurrera.

Bigarren itzuliko aurrenekoa izango da. Aurreneko itzulian erraz irabazi zuten ordiziarrek Altamiran eta partidu bakarra irabazi du Hernanik aurreneko zazpi partiduetan. Azkenaurreko postuan daude sailkatuak etxekoak, baina sailkapenari buelta ematen hasteko partidu egokia izan daiteke. Gainera, Landare lokaztua egongo da eta horrek mesede egin diezaioke taldeari

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!