«Kalitatezko haragia eskaintzeko, egunero lan haundia egin behar da»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Perrapa baserrian, txekorrak eta behiak zaintzen.

Baserrian bertan jaio eta hazitako txekorren «kalitatezko» haragi salmenta egiten du Perrapa baserriak (Osiñaga auzoa, 24), 5kg-ko loteetan. Hala, salmentei buruz eta baserrigintzak duen lanari buruz solastu du Perrapak Kronikarekin.

Baserriko txekor haragia saltzen duzue. Nola eta noiz hasi zineten? 

2021garren urte amaieran hasi ginen enpresa moduan. Lehenago saltzen genituen sei hilabeteko txekorrak bizirik landetxeetarako. Egoerari buruzko azterketa bat egin ostean, etxez-etxe saltzea erabaki genuen, eta enpresa moduan hasi ginen, 2021ean. 

Zer moduzko bilakaera izan du proiektuak? 

Egia esan oso ona, pauso txikiak eginez joan gara aurrera, baina nahi genuen tokian gaude, eta beraz, pozik. Salmenta gehiago dauzkagu orain hasi ginenean baino, eta bezero asko dauzkagu fidelizatuak, horrek ematen digu segurtasun bat. 

Hernanin bakarrak zarete bertako haragia herrian saltzen dutenak. Hernaniz gain, beste herrietan ere saltzen duzue? 

Bai,  Gipuzkoan zehar, batez ere, Astigarragan, Donostian, Urnietan, Tolosan, Ibarran, Anoetan…

Nolakoa da egunerokotasuna baserrian? 

Behiek eguneroko zainketa behar dute, eta urte guztian zehar, jarraipen haundia duen lana da baserrikoa. Egun batzuetan ordu asko ematen dituzu lanean eta beste batean agian gutxiago, denboraldiaren araberakoa izaten da. 

Txekorrei lehentasuna ematen diezue zuen egunerokotasunean haragia kalitatezkoa izateko, ezta? 

Bai, txekorrei eta behiei lotutako lan batzuk egunero egin behar dituzu, janaria eman, adibidez. Gero beste lan batzuk daude denboraldiaren araberakoak direnak. 

Larrea zaintzea ere garrantzitsua da txekorraren elikadurarako? 

Bai, orain neguan belarra gutxiago ateratzen da, beraz, belazeetan lan gutxiago izaten da. Baina sasiak zaintzen ditugu edota ximaurra belazean botatzen dugu.  


Noiz egoten dira larrean
txekorrak, zein garaitan? 

Normalean, udaberri inguruan, larrean edukitzen ditugu txekorrak eta behiak, eguerdian askatzen ditugu,  eta gau aldera, beraiek bakarrik etortzen dira etxera, gaua goxo pasatzera. Aldiz neguan, larrea gutxitzen denean etxean edukitzen ditugu. 


Haragi loteak eskaintzen
dituzue, nola da eskaeren funtzionamendua? 

Lote bat eskatzen bada, haragia hutsean ontziratu eta 24-48 ordura eskatzailearen etxera eramango zaio, uneoro hotz-katea errespetatuz. Hilabetero jartzen ditugu eskuragai loteak, eta banaketa eguna baino astebete lehenago abisatzen dugu. Era berean, banaketa egunetatik kanpo eskatuz gero, izoztutako loteak eskaintzen ditugu, haragia kontserbatzeko eta kalitatea ez galtzeko era egokiena delako. Eskari berezien kasuan ere berdin funtzionatzen dugu, banaketa  egunean, freskoan emango genuke, baina hortik kanpo, izoztuta.


Kalitatezko haragia da zuena, zerk ematen dio haragiari 

kalitatezkoa izateko balioa?

Nire ustetan, batetik bestera alde haundia dago, esaterako makrogranjetan dauden txekorretatik ateratako haragiak ez du guk saltzen dugun haragiarekin zerikusirik. Gustuan alde haundia izaten dute, eta jendea horregatik dago gure haragiarekin kontentu, txekorrak ondo elikatzen ditugu, osasuntsu daude eta hortik kalitatezko haragia ateratzen da.


Txekor haragiaz gain,
zer saltzen duzue? 

Bestelako eskariak ere egiten ditugu; hala nola, txuletak, gisatzeko haragia, zankarroia, haragi pikatua, mingaina, solomilloa, entrekula, tripakiak, gibela eta bihotza.


Nola ikusten duzu
Euskal Herriko baserrigintza?

Nahiko argi ikusten da jaisten ari dela lehen sektorea. Eta uste dut, arrazoia erosotasuna dela; Jende askok nahiago du industrian egin lan, sartu beharreko orduak sartu eta bertatik ateratzean, lanaz ahaztu. Eta era berean, jendeak errazago egingo du lan segurtasun bat ematen duen lan batean, irabazi askorik emango ez dizkizun lantoki batean baino. Horrez gain, iruditzen zait supermerkatuek ere min haundia egin diotela lehen sektoreari. 

Azkenean, baserriak hori du, lan asko egin behar da eta ez dakizu lan horrek fruituak emango dituen ziurtasun guztiarekin. Esfortzu haundia da baserrikoa, baina guretzako bizitzeko modu bat ere bada.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!