«Ez zaizkit omenaldiak gustatzen, lotsatia naiz eta badakit gaizki pasako dudala»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 13a, 00:00

Rufino Rekalde Tilosetako frontoiko luze marraren alboan.

Gaur omenduko dute Rufino Rekalde, 28 urte hauetan Hernaniko Pelota Klubean egindako lanagatik. «Urduri» dagoela aitortu du: Guraso Batzordeko kideek klubeko seniorren bi partidu antolatu dituzte kiroldegian, eta tartean izango da Mikel Goñi ere. Arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera agur ekitaldiari, eta iluntzeko 21:30etan, Itxas Buru sagardotegiko afariarekin borobilduko dute eguna. 

Hiru hamarkada egin dituzu ia Hernaniko Pelota Klubean. Nolatan hasi zinen bertan?

Orain dela 28 urte hasi nintzen, garaiko delegatuak, Joxe Miguel Azurmendik, esan zidalako. Konfiantza genuen elkarrekin eta bera jada ez zen iristen lanarekin. Ni beti ibili naiz saltsa horretan: Hernanin delegatu lanetan hasi baino lehenago, palako txapelketak antolatu nituen hamar urtetan eta olinpiadetan ere aritu nintzen pixka bat saltseatzen. Azurmendik hori esan eta muxu truk hasi nintzen. Momentu horretan, Berrian lanean ari nintzen gauez egunkariak banatzen, eta horrela egon nintzen lehendabiziko hamar urteetan. Hasieran ez zegoen hainbesteko lanik, baina iritsi zen momentu bat handitzen joan zela kontua eta agian izango genituen 80-100 bat ume. Eta klaro gaueko 00:00etan joaten bazara egunkariak banatzera, 06:00etan oheratu, 14:00etan jaiki eta eraman behar baduzu klub bat hainbeste pilotarirekin, ba ez zara iristen. Orduan, urtero egiten dugun asanblean guraso guztiei esan nien garbi asko: «Ni honaino iritsi naiz, ezin dut gehiago. Bietako bat: niri soldata bat jarri eta jarraituko dut, edo urte bete daukazue beste bat bilatzeko». Urte bete pasa zen, egin genuen hurrengo asanblada, mahai gainean jarri genuen gaia eta guraso batek esan zidan: «Egia esan ez dugu bilera bat ere egin horri buruz. Soldata bat jarriko dugu eta zuk jarraitzea nahi dugu». Hala, nik gaueko lana utzi nuen eta orain arte.

 

Momentu horretan ez zegoen eskuzko pelotari federaturik Hernanin.

Ni sartu nintzenean pelota eskola bakarrik zegoen, ume dexenterekin, eta eramaten zuten Miguel Ezpeletak eta Mikel Salaberriak. Mutiletan ez zegoen federaturik, zeudenak Añorgara joan ziren, baina nesketan sei edo zapi palista federatu baziren: Garbiñe Tijero, Koro Etxeberria eta baita Maialen Lujanbio bertsolaria ere. Euren frontoiko argazki bat badago.

 

Gogoan duzu zure lehen entrenamendua entrenatzaile gisa?

Gogoratzen naizena da, eta etxean daukat kuadro batean jarrita, Tilosetan egin genituen lehendabiziko txapelketaren finalak. Hor daukat lehendabiziko pelota eskolaren argazkia, ni delegatu, eta oso oroitzapen ona daukat. Kuriositate moduan, han ez dakit zenbat ume egongo ziren, 30 bat edo, baina bakarra dago oraindik jarraitzen duena pelotan jokatzen, 38 urterekin: Paul Ojuel. Sekulako meritua dauka!

Rufino Rekalde Tilosetako frontoiko ilustrazioaren aurrean.

 

Zenbat aldatu da orduko Rufino gaur egunekora? 

Nik uste asko aldatu naizela. Ni beti izan naiz pertsona bat polemika eta eztabaidatzea asko gustatu zaiona, eta pelotari batzuekin... Zu delegatua zara, suposatzen da obeditu egin behar dizutela, eta horrekin izan ditugu haserre galantak. Baina uste dut nire izateko erarengatik izan dela, batez ere. Hori gero pixka bat aldatzen joan da. Orain gauzak askoz lasaiago hartzen ditut, alde guztietatik. Eztabaidak gustatzen zaizkit, lagunekin, batez ere, baina beste modu batera.

 

Kuadrillako lagun batek afizionatu omen zintuen pelotan.

Hala da. Xabier Erdoziak, kuadrillako lagun min batek. Lehendabiziko pilotaria izan zen Hernanin profesionaletan debutatzeko kontratu bat egin ziotena. Baina ez debutatzeko bi istorio gogor izan zituen: lehendabizikoa, soldaduska Sevillan tokatu zitzaiola, eta, bigarrena, handik bueltatu zenean berriro deitu baitzioten, Donostiako irlan ez dakit nola erori egin zen lurrera eta kristal batzuekin erdiko behatza moztu zuen, eta ez zen errekuperatu jokatzeko. Hernanin ikusi dudan maila handieneko pilotaria zen, pena. Berarekin jokatzen zuen beste batek, Arteagak, Lasartekoak (Axier Arteagaren aitak) hark debutatu zuen.

«Hamabi urtetan, bost edo sei txapel irabazi genituen herriartekoan, baina ia urtero finalean ginen eta horrek afizio ikaragarria sortu zuen Hernanin».

Pelotak munduan zehar bidaiatzeko aukera ere eman dizu.

Hortan ere zortea izan dugu. Nire iloba Unaik frontoian eta trinketean jokatzen zuen, baina maila handiena trinketean zuen eta hiru mundial jokatuta dago: Txilen, Mexikon eta Kuban. Txilen eta Mexikon nire arreba, koinatua eta hirurok izan ginen. Eta, gero, beste mundial batzuk ikusten ere izan naiz.

 

Zer sentitzen da Euskal Herritik urrun egonda, hain geurea den kirola bertan ere jokatzen dutela ikustean?

Mexikon harritu egingo zinateke zein afizio dagoen eta nola jokatzen duten. Ez dira aritzen gure pelotekin, teniseko eta gomazko pelotak dituzte. Baina gu ez gara gai jokatzeko beraiek bezala, eta haiek ere ez gure pelotekin. Profesional bat egon zen hona etorri zena jokatzera Asegarcerekin: Momo Medina. Txapelen bat irabazi zuen bigarren mailan, pelotari ona zen, baina, batez ere, niri kontatu didatenez, entrenamenduetan sekulako dirutzak irabazi zituen beste profesional guztiei apustuak jokatzen, teniseko eta gomazko pelotekin.

 

Zein dira urte guzti hauetan bizi izan dituzun momentu kutunenak?

Alde batetik, aipatu berri ditudan bidaiak, ilobarekin egindakoak. Han egon ginen, gozatzen eta sufritzen; zeren hiru finaletara heldu zen eta hiruak galdu zituen. Hala ere, nik uste, batez ere aipatu behar direla herri arteko urteak. Ni delegatu hasi nintzeneko lehendabiziko hamarkadan, hemen ez zegoen pelotari federaturik, denak Añorgan zeuden. Baina elkartu genituen herriartekoa jokatzeko eta Feliziano Zabalak hor lan oso ona egin zuen, sekulako taldea osatu genuen. Eta zortea eduki genuen, atzetik ere oso pilotari onak ateratzen ari zirelako: Azpitarte anaiak, Ojuel, Gorrotxategi, Arrieta... Hamabi urtetan, bost edo sei txapel irabazi genituen, baina ia urtero finalean ginen eta horrek afizio ikaragarria sortu zuen Hernanin. Lehenago ere bazegoen, baina momentu horretan 'lo' zegoen. Nik ez nuen ezagutu, baina esan didate afizionatu mailan zegoen txapelketarik inportanteena Hernanin jokatzen zela: El Torneo de los Luises. Ikusi ditut argazkiak Tilosetako frontoiarenak... jartzen zituzten zezenetarako erabiltzen dituzten harmaila horiek eta jendea zuhaitzetan zintzilik aritzen zen partidua ikusten. Afizio hori herriartekoarekin berriro esnatu zen eta berriro bueltatu zen. 

«Profesionaletan epaile aritutakoa naiz, baina enpresek klubarekin gaizki egiten zituzten gauzak salatu nituen sare sozialetan eta bota egin ninduten».

Epaile ere aritutakoa zara profesional mailan, bi final handitan.

Bai. Bi final egin nituen eta azkenean gaizki bukatu nuen. Nik ikusten nituen enpresak klubarekin gaizki egiten zituen gauza guztiak, eta salatu egiten nituen sare sozialetan. Hori ez zitzaien gustatu enpresei, federazioarekin hitz egin zuten eta bota egin ninduten.

Ez zizun beldurrik ematen zure iritzia plazaratzeak, jakinda horrek ondorioak ekar zitzakeela?

Ez zidan batere inporta. Ez duzu soldata ikaragarri bat irabazten hor, lan hori egiten duzu gustatzen zaizulako eta ez diruarengatik. Niretzat askoz inportanteagoa zen nik barruan sentitzen nuena adieraztea eta ikusten nituen gauza txar horiek salatzea.

 

Nolako osasuna duela esango zenuke egun Hernaniko Pelota Klubak? Urtero 40 pilotari inguru izan dituzu, aurten, ordea, 28k eman dute izena.

Aurten izan da lehen aldiz jaitsiera nabarmena nabaritu duguna. Horrek kezka sortzen du, batez ere, aurrera begira. Geroz eta ume gutxiago daude Hernanin eta etortzen diren kanpotarrak ere ez dute ezagutzen pelota. Futbolean, eskubaloian, boleibolean... apuntatzen dira, beraien herrian jokatzen dituztelako.

 

Duela urte bete inguru Hodei Exposito astigartarrak debutatu zuen. Bailarako pilotariren batek profesional mailara salto egingo duela iruditzen zaizu? Lizeaga anaiek aurrekontratua dute Baikorekin.

Hernaniko beste pilotari bat ere entrenatzen ari da Asperekin, Xabier Apaolaza. Baina aurretik ere, nik neuzkan bi pilotari, Ioritz Arrieta eta Aitor Gorrotxategi, ezin dudala sinetsi nola ez zuten debutatu profesionaletan. Enpresek jakingo dute zergatik. Zeuzkaten dohainekin... Dena irabazi zuten, txapelketa guztiak, eta inoiz ez zieten deitu, ezta entrenatzeko ere. Biak izan dira munduko txapeldunak, Ioritz Arrietak munduko txapelketa irabazi zuenean, bere ordezkari zituen Victor eta Jaka, profesionaletara pasa ziren bi pelotari.

«Mikel Goñik hartueman ona dauka nirekin aspalditik, eta enteratu nintzenean jokatzera etorri behar zuela poza hartu nuen, egia esan».

Larunbatean egun handi bat prestatu dute zure ohorean. Klubeko hainbat pelotari senior arituko dira lehian eta bertan izango da Mikel Goñi ere. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Ez zaizkit batere gustatzen gauza hauek. Ez dut ezer jakin nahi. Nork jokatu behar duen dakit eta zein ordutan, baina besterik ez. Gaizki pasako dut, oso urduri jarriko naiz. Badakit oso gustuko ditudan gauzak egingo dizkidatela eta negarrez eta parrez hasiko naizela. Baina zer gehiago nahi duzu esatea... Mikel Goñi bera etortza ere... Nirekin oso hartueman ona dauka aspalditik, eta enteratu nintzenean jokatzera etorri behar zuela poza hartu nuen, egia esan.

 

Zer da zehazki gustatzen ez zaizuna omenaldietatik?

Ni nahiko lotsatia naiz eta horrelako gauzekin ez dut ondo pasatzen. Ez dakit zenbat pertsona etorriko diren, baina etortzen badira 100-200 pertsona, oihuka eta... Gero  sorpresaren bat ere egongo da eta agian harrituko nau horietakoren batek. Facebooken ere sartuta nago eta bertan mezu asko jaso ditut, profesionalen partetik ere bai: Eulate, Oscar Lasa, Fernando Goñi.. eta denek oso hitz politak esan dituzte nitaz.  Dakidan gauza bakarra da sagardotegian oso ondo pasako dudala.

 

Iñaki Esnalek hartuko du orain zure lekukoa. Zer iruditzen zaizu?

Iñaki Esnalek frontoiko lana hartuko du, baina administraziokoa, federazioarekin egin behar diren tramiteak, diru laguntzak... hori dena Guraso Batzordearen esku geldituko da. Iñakik egingo du Kantxako lana eta hori egiteko ni baino askoz hobea da, ni baino askozaz ere gehiago daki. Hortik aurrera, antolakuntzan etab. lanak izango ditu. Baina ikasiko du, zalantzarik gabe.

 

Gomendiorik emango zenioke?

Pazientzia izateko, batez ere hasieran. Eta gero, tratuan ere bai. Hor diferentzia handia nabaritu dut eta aipatu nahi nuke. Ez da berdina duela 15 urte pilotari gazteekin genuen hartuemana eta orain duguna. Orain, nire ustez, errespetu falta dezente dago gazteen aldetik. Iñaki gure pelotaria izan zen eta nik harekin izan dudan tratuak  ez dauka zerikusirik momentu honetan dauzkadan gazteekin dudanarekin. Azken urteetan paso egin dut, esan dizut aldatu naizela, ez zaidala gustatzen jada hainbeste eztabaida edukitzea. Baina nabaritu dut askotan pelotarien portaera ez dela behar den bezalakoa eta hortan Iñakik lanak izango ditu. Nik baino esperientzia gehiago dauka baina.... Zortea opa diot, ea animatzen den eta jarraitzen duen lanean.

 

Furgoneta bat hartu eta Ameriketara joateko asmoa omen duzu.

Bai hori da nire ametsa. Bidaiatzea asko gustatzen zait, furgoneta bat daukat eta furgoneta horrek Europa erdia pasa du eta Marokora ere joan da bizpahiru aldiz. Aldaka ondo izango banu, igandean haurrekin finala amaitu eta astelehenean hegazkina hartua izango nuen Ameriketara joateko. Lehen aipatu bezala, askotan izan naiz bertan, Mexikon sei aldiz, Txilen behin, Estatu Batuetan hirutan... eta lagunak eta kontaktuak badauzkat. Mexikon, batez ere, Meridan, bikote bat daukat oso lagunak direnak, beraiekin bigarren eskuko furgoneta bat erosi nahi nuke eta hortik aurrera aspertu arte. 

 

Joaneko billetea izango duzu hortaz, bueltakoa ez.

Gehienez urte bete pasako dut han, gabonak familiarekin pasatzera etorriko naiz. Nik alde horretatik zortea daukat, bakarrik bizi naiz, ez dut bikoterik, ezta seme-alabarik ere, eta askatasun osoa daukat nahi dudan gutia egiteko. Bi arreba dauzkat eta biek esaten didate erotuta nagoela. Baina beno, beraiek ere ibiltzen dira. Zaharrena, urrutira joan gabe, Marokon dago. Gertatu zaidana, ordea, hori da, aldaka izorratu zaidala eta orain operatu egin behar naute. Hortaz, operazioaren ostean, errekuperazio on bat egin eta berdin pentsatzen jarraitzen badut hori egingo dut. Asmoa hori da behintzat. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!