Ez da aspertzeko tarterik izango ekainera arte, 70 kultur ekitaldirekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 12a, 00:00

Ainara Aiestaran liburuzaina, Aitor Huitzi Kultura zinegotzia eta Agurtzane Aizpuru Kultura teknikaria.

Dantza, zinea, antzerkia, literatura, erakusketak, musika... etenik gabe izango dira, astero astero, sei hilabetez.

Hernaniko Udaleko Kultura sailak prest du ekaina bitarteko kultur programazioa. Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak eta Ainara Aiestaran liburuzainak aurkeztu zuten atzo, udaletxeko areto nagusian, datozen hilabeteetan Hernanin izango den kultur-eskaintza.

Adin guztietako herritarrentzako eskaintza prestatu du oraingoan ere Kultura sailak eta diziplina artistiko ezberdinei egin die tokia: musika, antzerkia, dantza, literatura, zinema eta arte plastikoez gozatu ahal izango da. Guztira, 70 ekitaldi izango dira.

Egun hauetan, Hernaniko etxeetan programazioa jasotzen ari dira herritarrak. Urtarrileko ekintzetarako sarreren salmenta dagoeneko martxan dago. Gainontzeko hilabeteetako sarrerak, hilabete bakoitzaren hasieran jarriko dira salgai (online eta Biteri Kultur Etxean). 

 

Korrika Kulturalak, bi ekimen Hernanin

Korrikaren urtea izanik, Korrika Kulturalaren baitan bi ekimen izango dira Hernanin: eMcUMEAK bakarrizketa (otsailak 29) eta Badon opera garaikidea (martxoak 7). 

Era berean, musikari ezagunak entzuteko aukera izango da hurrengo hilabeteetan: Mikel Urdangarin (sarrerak agortu dira), Kerobia, Olatz Zugasti hernaniarrak bere azken lana aurkeztuko du, eta Amoranteren kontzertu berezia ere izango da, Chillida Lekun. 

Antzerkiak ere presentzia izango du. Besteak beste, helduentzako bost lan -tartean, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoan sortu den Esnearen kolorekoa- eta etxeko txikienekin gozatzeko beste bost izango dira. Tartean, Marie de Jonghen azken lana, Bo jauna.

‘Ahoz aho’, nazioarteko ahozkotasunaren jaialdia

Ahoz aho, ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia izango da berriz martxoaren 15ean, Hernaniko Udal Liburutegiak antolatuta. Euskal Herriko, Galiziako, Kubako eta Letoniako ipuin-kontalariak entzuteko aukera izango da. 

Irakurketa taldeen saioak eta ipuin-kontaketak ere izango dira, ohikoa denez, datozen hilabeteetan. Honez gain, Jon Artano kazetariak Juana liburua aurkeztuko du urtarrilaren 30ean. 

Zinemari dagokionez, Hernani Zineklubaren eskutik, estreinatzear den Bizkarsoro euskal filma ikusteko aukera izango da (urtarrilak 17), Josu Martinez zuzendaria bertan dela. 

Inauteriak, Santa Ageda edota San Joanak bezalako data esanguratsuak ere izango dira.

 

AGENDA 2024

HERNANI

URTARRILA-EKAINA

ZINEKLUBA: Urtarrilak 17-Bizkarsoro. Otsailak 8-Vértigo. Martxoak 14-Blue Jean.

ANTZERKIA: Urtarrilak 18-Tu Tum Platz. Urtarrilak 27-Sotabosc. Otsailak 24-Loti ederra. Martxoak 16-Bo Jauna. Martxoak 19-Post datarik gabeko gutunak. Martxoak 20-Las que limpian. Martxoak 21-Esnearen kolorekoa. Apirilak 25-Olagarrua. Apirilak 27-Solo. Maiatzak 11-Hizkidantza.

MUSIKA: Urtarrilak 25-Mikel Urdangarin. Otsailak 4-Santa Ageda Bezpera eta Inauteri kontzertua. Otsailak 12-Kontzertu tematikoa. Otsailak 15-Hitzño bat erran eta, banua berhala, Olatz Zugastirekin. Otsailak 29-eMcUMEAk. Martxoak 7-Badon, Opera. Martxoak 18-Biolin eta biolontxelo kontzertua. Martxoak 23-Udaberriko kontzertua. Apirilak 19-Gora bizitza Kerobiarekin. Apirilak 27-Cerverako taldearekin kontzertua. Maiatzak 9- 7 Urtekoentzako kontzertua. Maiatzak 17/18-Txalaparta festa. Maiatzak 24-Teklatuen kontzertua, eta Harri Herri Har, Amoranterekin. Ekainak 12-Kurtso amaierako kontzertua. Ekainak 14-Preludio Txikia.Ekainak 15-Preludioa.

ERAKUSKETAK: Otsailak 12-29-Ilustrazioak eta pinturak (Saioa García). Martxoak 25-apirilak 11-Illapukuna Tuinusum, danza de colores (Rosario Carnejo). Apirilak 15-30-Hotsez Hots 2.0. Eskultura, pintura, taila (Pelex). Maiatzak 4-11-Euskal jantzien erakusketa. Maiatzak 27-ekainak 21-Biteriko ikastaroetako lanen emanaldia.

DANTZA: Otsailak 22-Tierra de nadie. Maiatzak 17-Txalaparta.

LITERATURA: 26 solasaldi eta irakurketa izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!