Larunbat honetan omenduko dute Rufino Rekalde, Hernaniko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 11a, 00:00

Rufino Rekalde hernaniarra, artxiboko irudian.

Bi partidu jokatuko dira arratsaldean, eta Itxas Burun borobilduko dute omenaldia.

28 urteren ondoren, erretiroa hartu berri du Rufino Rekalde hernaniarrak. Pelotaren munduan egindako lanagatik, agur ekitaldia antolatu dute Hernaniko Pilota Saileko Guraso Batzordeko kideek. 

Larunbat honetan bertan, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, bi partidu jokatuko dira Hernaniko kiroldegiko pelotalekuan. Lehenengoan etxeko lau pelotari arituko dira: Jarak eta Alegriak Deskargaren eta Etxarriren aurka jokatuko dute. 

Bigarren partiduan, berriz, pelotari ezagun bat gehituko zaie etxeko jokalariei. Izan ere, Mikel Goñi izango da Manteolaren bikotea, eta Salaberria eta Altuna hernaniarrak izango dituzte aurkari. 

Partiduak amaituta, iluntzeko 21:30etan, mahai baten bueltan borobilduko dute eguna. Itxas Buru sagardotegian afaria antolatu dute herritarrak elkartzeko asmoz. 

Egitarauan prestatutako jarduera horiez gain, sorpresa ugari izango dira arratsaldean zehar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!