Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo goizean Doinuele Euskarazko Plazen Sareko kideek. Bertan, 2024rako prestatu dituzten azokak eta egitasmoak aurkeztu zituzten, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka barne. Dobera Euskara Elkarteak antolatutako azokaren III. edizioa urriaren 5ean izango da.
Ipuin formako oharrarekin egin zuten prentsaurrekoa. 2023 hasieran sortu zuten Doinuele euskalgintzako zortzi eragilek, eta urtearen errepasoa eginez hasi zuten agerraldia: «Elkarrekin ikasi egin dugu, elkarri lagundu egin diogu eta gutako bakoitza indarra hartuta, osasuntsuago gatoz aurten. 2023ko elkarlanaren balorazio onak indar emanda, gustura ekin diogu Doinueleren bigarren urteari».
Beste behin Euskal Herriko eragile eta antolatzaileei gonbidapena luzatu zieten: «Euskara hutsezko plazen sarea gara eta ongi etorriak zarete, bidea elkarrekin eginez, euskarazko azoken territorioa zabaltzen joan gaitezen».
Ipuin formako prentsaurrekoa ohiko modura amaitu zuten: «Hala bazan eta ez bazan, Kantauri itsasoko urak hotzak daude eta sar gaitezen Baztan, Azkoitia, Zarautz, Ziburu, Hernani, Sara, Lazkao eta Galdakaoko plazetan!».
DOINUELE
2024ko azokak
URTARRILAK 22-28 - BAZTAN
(H)ilbeltza, nobela beltzari buruzko ekitaldiak.
APIRILAK 12-14 - AZKOITIA
Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka.
MAIATZAK 24-26 - ZARAUTZ
Literaturia, literatura azoka.
EKAINAK 1 - ZIBURU
Liburu eta disko azoka.
URRIAK 5 - HERNANI
Liburu eta disko azoka.
URRIAK 11-12 - SARA
Ikusi Mikusi, haur eta gazte literatura eta ekitaldiak.
URRIAK 30 - GALDAKAO
Sormene, literatura azoka.
ABENDUAK 13-15 - LAZKAO
Liburu eta disko azoka.