Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso du Chillida Lekuk, artistaren 100garren urteurrenean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 11a, 00:00

«Opari» modura jaso dute albistea museoaren kudeatzaileek.

«Artearen eta naturaren arteko fusioa modu naturalean» garatzeagatik jaso du museoak, besteak beste, domina.

Chillidaren 100garren urteurreneko ospakizun betean, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina jaso du Chillida Leku museoak. Espainiako Ministro Kontseiluak asteartean onartu zuen Ernest Urtasun Kultura Ministroak egindako proposamena, eta albistea pozarren hartu du Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak: «Sari honek, sorkuntza artistiko eta kulturalarekiko dugun konpromisoa aitortzeaz gain, Eduardo Chillidaren ondare hilezkorra ere nabarmentzen du, zeinaren lanak belaunaldiak inspiratzen jarraitzen duen».

Espainiako Kultura Ministerioak ohar baten bidez zehaztu du Chillida Lekuri domina emateko zergatia: «Museo bakarra da, artelan handi gisa sortua, non artearen eta naturaren arteko fusioa modu naturalean gertatzen den».

Luis Chillidak, eskultorearen semeak, «opari» gisa irudikatu du errekonozimendua: «Guretzat aitaren 100garren urteurreneko opari haundi bat da, oso eskertuta gaude. Domina jasotzeak 2024ko egitasmo guztiak are ilusio haundiagoarekin egitea ekarriko du». 

Massaguék eskerrak eman nahi izan dizkie museoak zabalik daraman denboran laguntza eskaini duten guztiei: «Haiei dedikatzen diegu lorpena». 

 

Ate irekietara joateko deia egin dute

Ospakizun jarduerekin jarraitzeko asmoz, asteburu honetarako antolatu dituzten ate irekietara joateko deia egin dute Chillida Leku museotik. 

Larunbatean zein igandean bertaratzen direnek gertutik ezagutu ahal izango dute Chillidaren obra, baita bere pentsaera eta testuingurua ere. Azken gonbidapenak eskuragarri daude https://www.museochillidaleku.com/exposiciones/agenda/jornadas-puertas-abiertas-chillida-leku/ estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!