Miguel Lujanbiori aitortza egingo dio Musika Bandak inauterietan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 00:00

Otsailaren 4an, Iñude eta Artzaien konpartsako ekitaldian parte hartu ondoren, ohiko Piñata kontzertuan ohorezko pina jarriko zaio.

Hernaniko Musika Bandak zita bikoitza izango du hernaniarrekin inauteri jaietan eta horietako bat oso berezia izango da. Otsailaren 4an, igandean, Iñude eta Artzaien konpartsako plazako ekitaldian parte hartu ondoren, ohiko Piñatako kontzertua eskainiko du, Tolosako inauteri abestiak plazaratuz.

Kontzertu berezia izango da eta bertan Miguel Lujanbio hernaniar bikainari, urtetan bandaren alde egindako lanaren aitortza egingo diote. Hernaniko Musika Bandako ohorezko pina jarriko zaio.

Herritarrei animatzen zaie Miguel Lujanbioren aitortza ekitaldian partehartzera. Herrian oso estimatua da eta merezitako omenaldia izango da.

 

Bigarren zita, Musika Bandak, otsailaren 9an izango du

Otsailaren 9an, Biteri kultur etxean izango du bandak bigarren zita. Arratsaldeko 19:30etan, kontzertu tematikoa eskainiko du. Aurtengo gaia San Ferminak izango dira.

Entzuleak aukera izango du festa hauetako abesti ezagunaz gozatzeko. Kontzertua irudiaz lagunduta eskainiko da. Bertan, besteak beste, hainbat bandakideen San Ferminetako argazkiak proiektatuko dira.

Musika Bandak eskainiko duen kontzertuan ondorengo piezak entzungo dira: Ánimo pues, Clarín de Fiestas, Riau-Riau, Diana 1 eta Diana 2, ¡Qué bien bailas!, Pamplona Feria del Toro, Los de la única, Diana 3, La Dominguera, Oberena, Diana 4, Los Pilindros, C.A. Osasunaren ereserkia eta Pobre de mí.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!