'Bihar' eta 'Reset' dantza ikuskizun laburrak ostegunean ikusi daitezke Biterin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 00:00

Ainhoa Usandizaga eta Igor Calonge.

Sarrera doan izango da eta 19:00etan hasiko dira Ainhoa Usandizaga eta Igor Calonge dantzarien iraupen laburreko emanaldiak.

Gabonetako ajea pasa eta gero, kultur agendak bere onera datoz eta Hernanin aste honetan ikuskizun ezberdinak antolatu dira. Horien artean esanguratsua da ostegunean Biterin eskainiko diren dantza garaikideko pieza laburrak. 19:00etan hasita, Bihar eta Reset piezak eskainiko dituzte Ainhoa Usandizagak (Bihar) eta Igor Calongek (Reset). Sarrera ez da ordaindu beharko.

Usandizagak dioenez, Bihar-ek egunerokotasuneko gauza txikiei buruz hitz egiten du. «Gure benetako helburura iritxi aurretik denbora okupatzeko egiten ditugun hainbat akziori garrantzia ematen die. Gure barnean proiektatzen dugunaren eta benetan gertatzen zaigunaren arteko gatazka txikiek hartzen dute protagonismoa orduan eta ideien mundutik itzuliz momentuan bizitzera gonbidatzen gaitu. Gure gorputzarekin egotera eta aldi berean hortik ihes egiteko sortzen ditugun bide guzti horiekin jolastea». Bihar kontzeptuak «prokrastinazioa dakar. Prokrastinazioak beste era bateko denbora okupatze bat. Eta denbora okupatze horrek aldi berean barne ezagutza bat», aipatzen du protagonistak. Ainhoa Usandizagaren esanetan: «Bihar-en bitartez nire indarrak eta ahuleziak landu nahi izan ditut; itxaroten geratu ordez, beldur hauei aurre egin eta fisikalizatu. Biharko utziz inoiz bukatua izango ez litekeen guzti honi denbora eta espazio txiki bat dedikatu». 15 minutuko iraupena du.

 

'Reset', gorputzarekin lotuta egiten den ibilbidea

Reset-ek hamaika minutuko iraupena du eta egoera propioaren bilaketa nekaezina baino ez du islatzen. Antzezlearen arnasketaren aireak ekintza kontatzen du, gogoaren arnasa zabaldu eta barnean hartzen duen oraina.

Plastikozko poltsa birziklagarri batean ikus daiteke, eta kanporatze bakoitzean bizirauteko gogoa jasotzen da, berriro beste espazio batean hasteko gogoa, ikusteko, bizitzeko, dantzatzeko borondatea. Gorputzarekin lotuta egiten den ibilbidea da, atal guztiei putz egiten dien hauspoa, mugitzera animatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!