Hamaika ekintza izango dira aukeran urtarrilean, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 6a, 00:00

'Ama-das' dokumentaleko lau protagonistak. Argazkia:'cocenfenavarra.es'

Antzerkiak, erakusketak eta dokumentalak ikusteko aukera izango da hil honetan Kulturarteko Plaza Feministan. 'Flores en el Asfalto' antzerki-bizipena izango da lehen ekitaldia, urtarrilaren 9an.

Kulturarteko Plaza Feministak ekintza ugari antolatu ditu urtarrilerako. Ekintza batzuk Hernaniko Udalaren eskutik antolatu dira, eta beste batzuk, eragileekin elkarlanean, Koxka Elkartea edo Mugarik Gaberekin, besteak beste.

Antzerkiak, erakusketak eta dokumentalek osatuko dute urtarrileko egitarauaren menua, eta hilabete horretatik aurrerako ekintzetan parte hartzeko izen emateak ere zabalduko dira. Halaber, sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua martxan egongo da urte berri honetan. Zerbitzu hori erabat konfidentziala da, eta erabiltzeko, aldez aurretik txanda hartu behar da.

Antzerkiak, erakusketak eta dokumentalak

Urtarrilaren 9tik 10era bitarte izango da lehen ekintza: 'Flores en el asfalto' antzerki-bizipena, eta izen-ematea derrigorrezkoa izango da. Hilaren 18tik 20ra, berriz, Indusen Ibaibideak erakusketa egongo da ikusgai, Igone Mariezkurrenaren eskutik. Pakistani buruzko erakusketa da eta oinarri ditu aldaketa klimatikoa eta emakumeak. Inaugurazioa urtarrilaren 25ean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Euskaraz eskainiko da, baina itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute. Bertan izango da Mariezkurrena.

Bestetik, urtarrilaren 27an, arratsaldeko 18:00etan, 'Ama-das' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia eskainiko da. Idoia, Pili, Emma eta Rosaren istorioa ezagutuko dute bertaratzen direnek, desgaitasuna duten lau emakumek ahalduntzerako egiten duten bidaia. Entzumen aniztasun funtzionala dutenentzako interpretea egongo da. 

Jabetza eskola eta haurdunaldi eta erditzeondoko tailerra

Urtarriletik aurrerako ekintzetan parte hartzeko izen emateak ere hilabete honetan izango dira. Haurdunaldia eta erditzeondoa bizi eta partekatzeko tailerraren izen ematea urtarrilaren 8tik 31ra artekoa izango da. Josune Martirena Sagastibeltzak eta Marijo Artola Lizarazuk gidatuko dituzte saioak, otsailetik ekainera, asteazkenero. Bi orduko iraupena izango dute eta 35 eurokoa izango da horien prezioa.

Azkenik, Emakumeen Jabetza Eskolako ekintzetan parte hartu nahi duenak, urtarrilaren 15etik 26ra eman beharko du izena. Hamaika ekintza izango dira guztira eta horien artean daude, besteak beste, twerk eta sendabelarren ikastaroak. 

EGITARAUA

HERNANI

URTARRILAREN
8TIK 31RA

Haurdunaldia eta erditzeondoa bizi eta partekatzeko tailerrean izenematea.

URTARRILAK 9
18:00 Flores en el asfalto antzerki bizipenaren lehenengo saioa, Biterin.

19:00 Flores en el asfalto antzerki bizipenaren bigarren saioa, Biterin.

URTARRILAK 10
15:00 Flores en el asfalto antzerki bizipenaren hirugarren saioa, Biterin.

URTARRILAREN 15TIK 26RA
Emakumeen Jabetza Eskolan izen ematea

URTARRILAK 18TIK OTSAILAREN 20RA Indusen Ibaibideak erakusketa.

URTARRILAK 25 19:00 Indusen ibaibideak erakusketaren inaugurazioa.

URTARRILAK 27

18:00 Ama-das dokumentala eta solasaldia, Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!