Ate irekien asteburua, Chillidaren 100garren urteurrena ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 5a, 00:00

100 urte beteko dira urtarrilaren 10ean, Eduardo Chillidaren jaiotzatik.

Urtarrilaren 13an eta 14an, doako jarduerak eskainiko ditu Chillida Leku museoak. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko.

Urtarrilaren 10ean 100 urte beteko dira Eduardo Chillida artista jaio zenetik, eta Chillida Leku museoak modu berezian ospatu nahi du. Hala, urtarrilaren 13an eta 14an, ate irekien asteburua antolatu du, eta bertaratuko direnek aukera izango dute eskultorearen pentsamendua, obra eta testuingurua sakonago ezagutzeko. Gonbidapenak Chillida Lekuren webgunearen bidez erreserbatu behar dira.

Doako ekintza horietako batzuk hauek dira: museora bisita gidatuak, familian egingo den arte tailerra Maushausekin, eta 'Maeght Unibertsoa' erakusketako Bisitaldi solasaldidunak. 

 

Familian egiteko arte tailerra

Familiek 'Chillida eta Calder' arte tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, larunbatean eta igandean, goizeko 11:00etan. Tailerra Maushausek (Anabel Varona eta Carlos Arruti) eskainiko du, elebitan. Material sinpleen bidez, parte-hartzaileek Alexander Calderren obrak hainbat kontzepturekin duen lotura ulertuko dute: oreka, lerroa espazioan edo mugimendua eskulturan, adibidez. Aurretik ere egin izan dituzte antzeko jarduerak, Chillidaren lagunak ziren beste artista batzuekin.

 

Bisita gidatuak

Museora bisita gidatuak egiteko lau txanda izango dira: gaztelaniaz, 10:30etan eta 12:30etan, eta euskeraz, 11:30etan eta 13:30etan. Gutxi gorabehera, 60 minutuko iraupena izango du bisita bakoitzak. Zelaiaren zati batean egingo da ibilbidea, bertan daude banatuta Chillidak sortutako eskulturetako 40. Bisitariek, gainera, Zabalaga baserria ezagutzeko aukera izango dute.

 

Bisitaldi solasaldidunak

Zabalaga baserriaren barruan eta kanpoan daude, Chillida Lekun 2024ko apirilaren 14ra arte ikusgai egongo diren 'Maeght Unibertsoa' erakusketako 17 obrak. Bisitaldi solasaldidunen ekimenari esker, XX. mendeko eskulturaren historian eragin esanguratsua izan zuten 11 sortzaileren arteko elkarrizketa artistikoa eskainiko zaio bisitariari. Urtarrilaren 13an eta 14an izango da, 16:00etan.

Mireia Massaguék, Chillida Lekuko zuzendariak, ekintzetarako gonbitea luzatu die herritarrei: «Chillidak amestu zuen tokitik, beso zabalik hartu nahi zaituztegu, ospakizun hau oso berezia izan dadin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!