PSE-EEk herriko autobusaren zerbitzuak hobetzea eskatu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 00:00

«Udalari ordutegi, linea eta geralekuei buruzko informazioa hobetzea eskatzen diogu. Aldundia da, bere eskumenekoa izan gabe, Epele-Ereñotzuri zerbitzua eskaintzen duena».

Hernaniko PSE-EEk herriko autobus zerbitzuak hobetzeko eskatu dio Udal Gobernuari. Ildo horretan, gogorarazi duenez «EH Bilduk ukatu egin du herriko autobusaren zerbitzuaren partida 80.000 eurotan haunditzea zerbitzua hobetzeko».

Sozialistentzat oso garrantzitsua da mugikortasun iraunkorraren eta bidaiarien garraio publikoaren aldeko apustua egiten jarraitzea. Ricardo Crespo Hernaniko bozeramaileak dioenez, «funtsezkoa da garraio publikoaren aldeko apustua egitea, ibilgailu pribatuari aurre egiteko. Ez dugu ulertzen EH Bilduren jarrera, uko egiten baitio zerbitzua hobetzeko partida bat haunditzeari, eta, hala ere, 56.000 euro bideratzen ditu EH Bilduk bakarrik Udalbiltza edo Hobeki bezalako presentzia duten elkarteetara. Duen lehentasuna ez al da herritarren benetako beharrei erantzutea?».

Crespok deitoratu egin du hernaniarrek herriko autobusaren linea, ordutegi eta geltokiei buruzko informazio argirik ez jasotzea, «hernaniar askok ez dakite nola funtzionatzen duen gure autobusak eta horrek erabilera murrizten du».

 

«Udala bere eskumenez arduratu behar da»

Era berean, deitoratu du 2020an, herri autobusaren kontzesio berria lizitatu zenean, Udalak justifikatu izana Ereñotzuko zerbitzuaren kasuan «Ereñotzuko erakunde txikiak adostea zerbitzu hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, beraz, bermatuta egotea».

«Gogoratu nahi dut udalerri barruko autobus zerbitzua udalaren eskumena dela, eta ez Aldundiarena. Beraz, Udalak berak bermatu beharko luke, ez beste erakunde batek. Aldundiak zerbitzua eskaintzen badu, borondate onagatik da. Eskaintzari uztea erabakiko balu, Udalaren erantzukizuna izango litzateke berriro bermatzea, beharrezkotzat jotzen badu. Hori dela eta, Hernaniko PSE-EEtik aspalditik ari gara eskatzen Udala izan dadila bere eskumenez arduratu eta erakunde heldu gisa erabil ditzala», adierazi du zinegotzi sozialistak.

 

«Mugitzeko premia gehien duten auzoetan maiztasuna ordurokoa da»

Udal Talde Sozialistak uste du zerbitzua hobetzeko asko dagoela. Erdigunetik urrunen dauden auzoek, hala nola Zikuñagak, Elizatxok eta Etxeberrik, herri-autobusen maiztasuna dute orduro. Eta, paradoxikoki, mugitzeko premia haundiena duten lekuak dira.

Hernaniko PSE-EErentzat oso defizit haundia dago industrialde batzuetan. «2020an proposatu genuen auzoen linea aldatzea, Epele eta Ereñotzuko zerbitzua eskainiko zuena eta bide horretako industrialdeetan geralekuak izatea. Orduan, udalak justifikatu egin zuen, enpresek ordutegi eta errelebo desberdinak dituztela, baina sozialistek uste dute zerbitzu horrek garraio publikoaren erabilera erraztu dezakeela ibilgailu pribatuaren aurrean. Borondate eta beharrezko baliabideak bideratzearen kontua da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!