Gobernu Taldeak Auzo Bira egingo du legegentzaldiko Plana aurkezteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 4a, 00:00

Gobernu Taldeko kideak auzoetara hurbilduko dira datorren asteartetik aurrera.

Urtarrilaren 9tik 24ra bitarte izango dira bilerak eta asteartean hasiko dira Langile Ikastolan, Meabe eraikinean, 18:30etan.

Hernaniko Gobernu Taldeak Auzo Bira egingo du urtarrilaren 9tik 24ra bitarte. Hernaniko auzo guztietako herritarrekin elkartu eta Gobernu Plana azaltzea da Auzo Biraren helburu nagusia, eremu bakoitzari dagozkion proiektu eta egitasmoetan sakonduz.

Auzo Biran zortzi bilera egingo dira. Guztietan parte hartuko dute Xabier Lertxundi alkateak eta Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak, eta eurekin batera Gobernu Taldeko zinegotzi gehiagok ere parte hartuko dute. Aurkezpenean, atzo, Gobernu Taldeko hainbat zinegotzi izan ziren. 

 

Urtero Auzo Bira, betetze maila azaltzeko

2023-2027 legegintzaldiko Gobernu Planaren azalpenak eman ondoren, auzotarren iritzi eta proposamenak jasotzeko tartea ere izango da Auzo Biran. Bilerek ordu eta erdiko iraupena izango dute eta 18:30etan hasiko dira. Lehenengoa asteartean izango da Langile Ikastolan Meabe eraikinan eta Sorgintxulo, Jauregi, Marieluts, Urbieta 16-18, Eduardo Chillida eta Galarreta guneetako herritarrentzat dago zuzendua.

Gobernu Planaren betetze mailaren berri emateko konpromisoa hartua du Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak, baita Hernaniko auzoetan ere. Hori dela eta, Auzo Bira urtero egiteko konpromisoa bere egiten du Gobernu Taldeak. «Hartu dugun konpromisoa izan zen legegintzaldia hasieran. Auzoetan konkretatuko dugu programa. Herri osoari eragiten dien neurriez gain, gunean guneko neurriak azalduko ditugu», adierazi zuen aurkezpenean Lertxundi alkateak.

 

Auzo Biran parte hartzeko deia

Auzo Bira egitearen arrazoietako bat Udala herritarrengana hurbiltzeko bideak erraztea da. «Normalean udalgintza urrun sentitzen duten herritarrengana ere iritsi nahi dugu», adierazi du Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak. Hori dela eta, herritar guztiak gonbidatu dituzte Auzo Biran parte hartzera. «Kartel deialdiak ere egin dira etxe atarietan».

Auzo Bira «egingarria» izan dadin, zortzi bilera antolatu ditu Udalak. Horretarako, bilerak eremuka antolatu dira, elkarren artean fisikoki hurbilen dauden auzoetan deialdi bateratua eginez.
Udalak etxe-atarietan kartelak jarriko ditu, auzogune bakoitzari dagokion deialdiaren berri izan dezaten.

EGITARAUA

18:30, urtarrilak 9, asteartea: Sorgintxulo; Jauregi; Latsunbe; Marieluts; Urbieta 16-18; Eduardo Chillida; Galarreta. Langile Ikastolan (Meabe eraikina).

18:30, urtarrilak 11, osteguna: Sagastialde auzoa; Sagastialde berri auzoa; Antziola 31-116; Iturmendi auzoa; Bestizal kalea; Etxeberri; Florida 46-161. Floridako elizan.

18:30, urtarrilak 15, astelehena: Argarain; Oriamendi; Perkaiztegi; Bidebieta; Montebideo; K. Labaka; Gabriel Zelaia; Antziola 1-18 eta 24-30; Mañe i Flaquer; Gartzia Goldaratz; Florida 1-20. Burujabetzen Etxean (Florida 28).

18:30, urtarrilak 17, asteazkena: Andre Kalea; Atzieta; Nagusia; Ezkiaga; Gudarien plaza; Napar Kalea; Aimar Elosegi; Iturriaga; Plaza Berri; Zapa. Biteri Kultur Etxean.

18:30, urtarrilak 18, osteguna: Elkano; Izpizua; Txirrita; Oartzu; Orkolaga; Urbieta 1-20; Aristizabal; Agustindarren plaza; Florida. Biteri Kultur Etxean.

18:30, urtarrilak 22, astelehena: Martindegi; Akerregi; Karabel; Oleta plaza; Balantxa kalea; Portu; Ibarrolaburu-Lorenza; Elizatxo behekoa; Zikuñaga; Osinaga bailara. Zikuñagako eskola zaharrean.

18:30, urtarrilak 23, asteartea: Lizeaga; Larramendi; Victor Hugo; Onddi kalea; Lizarraga; Madalena; Tellerigain; Antsorena Anaiak ; Elizatxo goikoa; Santa Barbara; Txantxilla; Iturregi; Karobieta; Sandiusterri. Urumea Ikastolan (Gay Mur eraikina),

19:15, urtarrilak 24, asteazkena: Epele bailara; Lastaola; Ereñozu bailara; Pagoaga bailara. Ereñotzuko ludotekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!