Asier Goikoetxea eta Lierni Zinkunegi izan ziren azkarrenak San Silbestrean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 00:00

300 herritarrek parte hartu zuten urtea amaitzeko lasterkaldian. Giro ederra sortu zen ibilbidean zehar, Hernaniko kaleetan.

Igande arratsaldean izan zen Wukroren aldeko San Silbestrea, Hernaniko kaleetan. Giro ederra sortu zen antolatutako hiru lasterketetan, eta herritar ugari elkartu ziren Kaxkoko kaleetan korrikalariei animoak emateko. 

Lasterketa nagusia oso lehiatua izan zen. Guztietan azkarrena Asier Goikoetxea izan zen, eta podiuma Aitor Arotzenak eta Lur Oconek osatu zuten. Emakumezkoetan, Lierni Zinkunegi astigartarra izan zen lehenengo sailkatua, Eider Estibarizek eta Itxaso Tolosak jarraituta. 

Guztira 300 parte hartzaile inguru izan ziren lasterketan, eta mozorrotutako korrikalari ugari ikusi ziren. 

 

Karretilleroak txapeldun

Ohiko modura, mozorro onenaren saria eman zuten antolatzaileek. Aurtengoan Ander Amonarrizek eta Xabat Pagolak eskuratu zuten saria, karretilleroaren eta karretillaren mozorroekin. Helmugan txalo zaparrada haundia jaso zuen bikoteak. 

 

Giro ederra sortu zen haurren lasterketetan

Lasterketa nagusiaren aurretik haurren bi lasterketak egin zituzten. Bixi bixi osatu zuten ibilbidea txikienek, eta gustura aritu ziren lagunartean.

 

GIZONEZKOEN SAILKAPENA

1. Asier Goikoetxea

2. Aitor Arotzena

3. Lur Ocon

EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA

1. Lierni Zinkunegi

2. Eider Estibariz

3. Itxaso Tolosa

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!