Urriza-Azpiroz eta Goikoetxea-Aiestaran bikoteak garaile, binakako txapelketetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 31a, 09:46

Finaleko erremontari guztiak sari banaketan. Argazkia: Maialen Andres.

Oso berdinduak izan ziren bi finalak, eta asko gozatu zuten bertaratutako 1.550 zaleek.

Egun haundia izan zen atzokoa Galarreta frontoian. Binakako Txapelketako finalek ikusmin haundia sortu zuten zaleen artean, eta 1.550 pertsona elkartu ziren bertan lehenengo mailako eta bigarren mailako finalak ikusteko.

Maila nagusian Urrizak eta Azpirozek lortu zuten txapela, Ansa II.ari eta Martirenari 2-0 irabazita. Oso berdindua izan zen partidua, eta horixe erakusten du jokatutako bi setetako markagailuak; 13-15 eta 14-15.

Partidua detaile txikietan erabaki zen. Oso joko gogorrak izan ziren, hasierako tantoetan batez ere, eta arriskatzeko beharrarekin iritsi ziren set amaieretara. Aurrelariei dagokienez, Ansak Urrizak baino tanto gehiago egitea lortu zuen (15 Ansak eta 14 Urrizak), baina galdutako gehiago ere izan zituen urnietarrak. Atzeko koadroetan, sekulako partidua osatu zuten Azpirozek eta Martirenak.

1.550 zale elkartu ziren Galarretan. Argazkia: Maialen Andres.
 

Hernanin geratu zen bigarren mailako txapela

Bigarren mailako partidua ere oso gogorra eta luzea izan zen. Goikoetxea V eta Aiestaran VI hernaniarra izan ziren garaileak, Irazuri eta Apezetxea goizuetarrari 2-1 irabazita.

Lau erremontariak bikain sartu ziren partidura, eta hasieratik ikusi zen finala ez zela alde haundiengatik erabakiko. Bilakaera ezberdina izan zuten lehenengo bi setek, baina berdinketarekin iritsi ziren azken tantoetara. Lehenengoan gorrien alde erori zen balantza, eta urdinek berdintzea lortu zuten bigarrenean.

Set erabakigarrian Goikoetxeak eta Aiestaranek hartu zuten jokoaren ardura, baina Irazuk eta Apezetxeak ez zieten erraz joaten utzi. 7-7 berdinduta iritsi ziren azken tantora, eta, azkenean, gorriek eskuratu zuten zortzigarrena. Emozio biziko jardunaldia izan zen Galarretan.

Goikoetxea eta Aiestaran. Argazkia: Maialen Andres.
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!