Wukroren aldeko San Silbestrearekin amaituko da bailarako herritar askoren urtea

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 31a, 00:00

Peru Arregi hernaniarra, iazko San Silbestrean.

Korrikalariek arratsaldeko 15:30etatik 17:00etara jaso beharko dituzte dortsalak udaletxeko arkupeetan. Izena emateko aukera ere izango da.

Gaur arratsaldean Wukroren aldeko San Silbestreak hartuko ditu Hernaniko kaleak. 17:30etan abiatuko da lasterketa nagusia, eta 4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. 

Ibilbidea ohikoa izango da: Gudarien plazatik Lizeaga auzora abiatuko dira parte hartzaileak; auzoari buelta eman eta Atzieta kalean barrena, Zinkoeneatik pasata, Sagastialderaino jaitsi beharko dute; beheranzko atala osatu ondoren, itzuli egin beharko dute gora, hori kiroldegi ingurutik egingo dute, ondoren Latxunbetik pasa eta Urbieta kaletik erdigunera itzultzeko; Plaza Berritik kaxkoan sartu eta Kale Nagusia azkarren igotzen duenak irabaziko du.

Gaur gaurkoz, Peru Arregi hernaniarrak du marka onena (11:36), eta, lasterketa irabazteaz gain, marka hobetzea izango da korrikalari azkarrenen helburua. 

Dortsal bilketa eta izen ematea, 15:30etatik aurrera

Parte hartzaileek gaur hartu beharko dituzte lasterketarako dortsalak, udaletxeko arkupeetan. Arratsaldeko 15:30etatik 17:00etara izango dute hartzeko aukera. Erabakia berandu hartu dutenek ere izena emateko aukera izango dute bertan.

Haurren lasterketekin hasiko da festa

Lasterketa nagusiaren aurretik haurren txanda izango da. 16:50etan txikienen lasterketa hasiko da, 8 urtera arteko haurrena. Ondoren, 17:00etan, 8-11 urte bitartekoek hartuko dute parte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!