«Askorentzat saltatu ezin daitekeen ohitura bilakatu da, urtea amaitzeko festa berezia»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 30a, 00:00

Mikel Von Wichmann, lasterketaren antolatzailea, dortsal bat eskuan duela.

Hamargarren urtez jarraian arituko da Mikel Von Wichmann Hernaniko San Silbestreko antolakuntza lanetan. 2013. urtean egin zen lehen aldiz, Wukroko herritarrak laguntzea helburu hartuta, eta lasterketak «ilusio berezia» piztu zuela azaldu du hernaniarrak. Urtero 250-300 lagunek parte hartzen dute eta aurten ere urtea festa giroan amaitzera animatu ditu herritarrak.

2013. urtean antolatu zen lehen San Silbestrea. Nola oroitzen dituzu hastapenak?

Politak oso, urte hartan bertan izan ginen Wukron, Etiopian, eta asko zirenez Hernanin San Silbestre baten beharra aipatzen zigutenak, bi asmoak uztartu eta Wukroren aldeko San Silbestrearekin animatu ginen. Oroitzen dut 100 korrikalariko langa pasatzea zela gure helburua, eta 250 izen ematetik gora izan genituen azkenean. Oso erantzun ona izan genuen, herrian ilusio berezia piztu zuen.

 

Nolako harrera izaten du San Silbestreak herrian?

Kosta egiten da urtero-urtero errepikatzen duzun dinamika bati hasierako indarrarekin eustea herritarrek ilusioa bere horretan mantendu dezaten, baina oso polita da ikustea askorentzat dagoeneko saltatu ezin daitekeen ohitura bilakatu dela; urtea amaitzeko festa berezia.

 

Ez da ohiko lasterketa bat, Wukroren aldeko dinamika ere bada.

Bai, hala da, Hernanik aspaldidanik du lotura Wukrorekin, batez ere, Angel Olaran herritarrak bertan gauzatzen dituen kooperazio proiektuei esker. Proiektu horiei bultzada txiki bat ematea da lasterketaren helburuetako bat. Zentzu horretan, argi duguna da, urteak pasata ere, hasierako helburu berberak mantendu behar dituela lasterketa honek: hernaniarrentzat urtea amaitzeko festa bat izatea, Wukroren errealitatea herriratzea, eta Etiopiarako errekurtso bilketa egitea.

 

4 kilometroko ibilbidea mantentzen duzue aurten ere?

Bai, trafiko arauek behartutako moldaketa txikiren batekin, baina bestela hasierako ibilbide berbera mantentzen da; edonork egiteko moduko 4 kilometrora iristen ez den ibilbidea. 16:50ean 8 urte artekoak; 17:00etan 8 eta 11 urte bitartekoak, eta 17:30ean lasterketa nagusia, 4 kilometrokoa, 12 urtetik gorakoak. 
Herriko kaleetan zehar diarduen lasterketa da, egiten duen edonork oroituko duen amaiera jendetsuarekin. Ibilbidea luzatzeko eskaerak jaso izan ditugu, baina bere horretan mantentzeko apustu argia egin dugu, esandako moduan, lasterketa haundi bat baino, edonork parte hartzeko festa haundi bat izatea baitu helburu.

«Lasterketak hasierako helburu berberak mantendu behar ditu: urtea amaitzeko festa bat izatea, Wukroren errealitatea herriratzea, eta Etiopiarako errekurtso bilketa egitea».

2018an izan zen edizio jendetsuena, 350 parte hartzailerekin. Aurtengoari zein itxura hartzen diozu?

Egia da urtetik urtera dexente aldatu izan dela parte hartzaileen kopurua, baina ia beti 250-300 izen emateren bueltan ibiltzen gara. Onartu behar dizut urtero arazo batekin aurkitzen garela, eta da azken egunean bertan 100 pertsona inguru animatzen direla. Izugarri eskertzen dugu, baina lasterkarien opariak eta dortsalak antolatzeko erokeria suposatzen du horrek; beraz, aurtengoan 250 dortsalen muga jarri behar izan dugu aurre-izen emateetan. Langa horretatik gora egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, baina horiek ezingo dute lasterkarien oparia jaso, beraz, jendea lehenbailehen izen ematera animatu nahi dugu. Izen ematea zabalik dago online Rockthesport plataforman, eta presentzialki Ibaimendi dendan. Dortsalak egunean bertan jasoko dira, 15:30etik 17:00ak bitartean, Gudarien Plazan.

Beste behin ere jendea animatu nahi dugu San Silbestrean parte hartu dezan, urtea kirola eginez, festa giroan eta Wukroren alde amaitzeko modu ezin hobea.
Gogoratu, baita ere, urtero mozorro onenari sari berezia ematen diogula; beraz, jantzi mozorroa, garbitu zapatilak eta animatu lasterketan parte hartzera!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!