Jantoki zerbitzu duin baten eskaera, Olentzerori eta Mari Domingiri

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 29a, 00:00
Hernaniko Hezkuntza Komunitateko kideak, Gudarien Plazan.

Langile Ikastolako ikasleek Olentzerori eta Mari Domingiri bidalitako gutuna irakurri zuten Plazan.

Jantoki zerbitzu duin baten eskaera egin zioten Olentzerori eta Mari Domingiri Langile Ikastolako ikasleek, pasa den igandean. Plazan bildu zen Hernaniko Hezkuntza komunitate osoa, eta Olentzero eta Mari Domingiren kalejiraren ondoren, jantokiko gertaeran berri eman eta euren aldarrikapenak plazaratu zituzten.

«Jangelan gustura egoten gara, eta zerbitzariak oso jatorrak dira, baina badakizue zer? Orain dela gutxi, gure lagun batek har bat topatu zuen platerean. Beste egun batean, ezin izan genituen babarrunak jan egoera txarrean zeudelako», azaldu zuen ikasle batek. Batzuetan ogia gogorra dagoela ere gaineratu zuten, eta gehienetan ezin izaten dutela platera errepikatu bigarren txandakoei ez zaielako iritsiko: «Baina guk jangelan bazkaldu behar dugu, zer egin dezakegu, olentzero?».

Bertako produktuekin sukaldatzeko aldarria ere egin zuten, Logroñotik ekartzen baitute janaria: «Ez al litzateke goxoago, freskoago eta osasungarriago egongo bazkaria? Ez dugu ulertzen, Mari Domingi».

Aurten, Gabonetako opari gisa, jostailu eta mugikorrak alde batera utzi eta janari duina eskatu zuten: «Badakigu gauza batzuk oso zailak egiten zaizkizuela helduen mundu horretan. Beraz, zuek bakarrik ezin baduzue, eskatu gure gurasoei eta ikastolako arduradunei zuek laguntzeko eta haien esku dagoen guztia egiteko egunero jaten dugun hori osasungarria izateko», adierazi zuten.

Denen artean lortu dezaketela esan eta promesa bat ere egin zuten, euren arazoa aztertu eta irtenbide bat bilatzen bazieten. «Zin dagizuegu txintxo-txintxo denetik jango dugula: erremolatxa, luzokerra eta platerean jartzen diguten guztia. Kapoiak ere badira arrautzatxuekin, ekologikoak izango dira eta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!