'Izena eta izana' bertso saioa izango da gaur arratsaldean, Kontrakantxa Gaztetxean

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 29a, 00:00
Iker Ormazabal izango da gaurko saioko bertsolarietako bat.

Bertso Lataren egitarauaren parte da saioa, eta Eli Pagola, Eli Zaldua, Iker Ormazabal eta Iker Osa izango ditu protagonista, 19:30etan hasita.

Amaitzear da aurtengo Bertso Lata. Gaur izango da haren baitan antolatutako azkenaurreko ekitaldia. 'Izena eta izana' bertso saioa eskainiko da 19:30etan, Kontrakantxa Gaztetxean. Bertan izango dira bailarako hiru bertsolari: Iker Ormazabal zein Iker Osa hernaniarrak eta Eli Pagola ereñotzuarra, eta haiekin batera arituko da Gasteiztik etorritako Eli Zaldua ere.

Bertso saioaren izenburuak agerian uzten duen moduan, izen bera duten lau bertsolari izango dira oholtzan. Iaz, 'Andoni'ak eta 'Ane'ak izan ziren moduan, aurtengo saioa 'Iker'en eta 'Eli'en baitan antolatu da eta, finean, bertso saioaren norabidea izango da izen horiekin jolas egitea. Halaber, jende gaztea erakartzeko nahia ere badu ekitaldiak.

Berez 19:00etarako zegoen aurreikusita, baina ordu erdi atzeratu dute Lukas Agirreren oroimenezko ekitaldiagatik.

Bertso Lataren azken ekintza abenduaren 31n izango da. Erronda antolatu da arratsaldean hasita, eta kale buelta egingo dute Kaxkoan, kantari eta bertsotan.

Orain artekoek, harrera beroa

Abenduaren 13an ekin zitzaien aurtengo Bertso Latako ekintzei eta arrakasta haundia izan dute. Lehen ekintza umeen egunaren baitan antolatu zuten, eta hilaren 15ean, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aditzeko parada izan zuten, afaldu bitartean, Santa Barbara elkartera bertaratutakoek. Abenduaren 22an, Unai Agirre, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal aritu zien Milagrosako oholtzan, eta bi egun geroago Hernaniko bertso eskolako Olentzeroarekin aritu ziren kalez kale, Iparragirre sagardotegian hasita.

Urteko azkeneko bi ekitaldiek ere harrera beroa izatea espero da, gaur eta igandean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!