Zabalik dago jada Wukroren aldeko San Silbestrean izena emateko epea, larunbatera arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 28a, 00:00

Ibai Mendi dendan edo Rockthesport webgunean eman daiteke izena. Lasterketa nagusia arratsaldeko 17:30etan hasiko da. 

Urteroko legez, abenduaren 31n San Silbestreak hartuko ditu Hernaniko kaleak. Aurtengoan ere Wukroren aldeko lasterketa izango da, eta dagoeneko zabalik dago izen ematea. Bi modu daude apuntatzeko: Rockthesport plataformaren bidez egin daiteke, https://web.rockthesport.com/es/es/master/evento/wukroren-aldeko-san-silbestrea-2023 estekan, edo Ibai Mendi dendan. Inskripzioa egiterakoan 10 euro ordaindu beharko ditu korrikalari bakoitzak. 

Hasiera batean, hilaren 30era arte, larunbatera arte, mantenduko dituzte dortsalak salgai. Hala ere, egunean bertan zenbakiak geratuz gero, izena emateko aukera edukiko dute berantiarrek. 

 

Bi lasterketa txiki eta nagusia

Aurtengoan ere hiru lasterketa bilduko ditu San Silbestreak. Lehenengoa arratsaldeko 16:50etan izango da, 8 urte arteko haurrak arituko dira bertan korrika. Hamar minutu beranduago, arratsaldeko 17:00etan, 8-11 urte bitartekoen txanda izango da. 

Lasterketa nagusia arratsaldeko 17:30etan hasiko da. Korrikalariek 4 kilometro osatu beharko dituzte, ohiko ibilbidean: Gudarien plazatik Lizeaga auzora abiatuko dira parte hartzaileak; auzoari buelta eman eta Atzieta kalean barrena, Zinkoeneatik pasata, Sagastialderaino jaitsi beharko dute; beheranzko atala osatu ondoren, itzuli egin beharko dute gora, hori kiroldegi ingurutik egingo dute, ondoren Latxunbetik pasa eta Urbieta kaletik erdigunera itzultzeko; Plaza Berritik kaxkoan sartu eta Kale Nagusia azkarren igotzen duenak irabaziko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!