Pirotekniaren erabilera mugatzeko eskaera egin du Elkarrekin Podemosek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 00:00

Autismoa duten pertsonei eta animaliei egin die erreferentzia koalizioak eskaera egiterakoan.

Gabonetako oporren bueltan ohikoak izaten dira pirotekniarekin lotutako jarduerak. Horregatik, Elkarrekin Podemosek horiek mugatzeko eskaera egin dio Hernaniko Udaleko gobernu taldeari.

Hasteko, autismoa duten pertsonengan pirotekniak duen eragina nabarmendu dute: «Eragin negatibo ugari eragiten dituzte haurtxoengan eta autismoaren nahasmendua duten pertsonengan; izan ere, zaratekiko hipersentikorrak diren pertsonak dira, eta burrunbek estres maila haundia eragiten diete, suminkortasuna, beldurra edo antsietatea eraginez».

Horrez gain, animalietan ere jarri dute azpimarra, izuak eragindako «ondorio kaltegarriak» pairatzen dituztelako; hala nola, «kotxeek harrapatzea, entzumen lesioak edo galtzea». Gainera, azaldu dute efektu horiek ez direla soilik etxeko animalietan azaleratzen: «Basa faunari ere eragiten diete; hiriko hegazti basatiak, adibidez, desorientatu egiten dira, kabia bertan behera uzten dute eta zarataren ondorioz hil egiten dira».

Lau eskaera pirotekniaren erabilera mugatzeko

Elkarrekin Podemosek lau puntu zehaztu ditu gobernu taldeari helarazitako eskaeran: auzo elkarteekin batera kontzientziazio kanpaina abiaraztea; zaratarik gabeko su artifizial alternatiboen erabilera sustatzea; jardueretan zaratarik gabeko espazio bat sortzea; eta partikularrek petardoak eta su artifizialak erabiltzeari buruzko ordenantza arautzea eta betearaztea.

Eskaera oharra gobernu taldeari zuzendutako ideiarekin amaitu du koalizioak: «Tokiko mailan baimendutako ekitaldien kasuan, Udalak ahalik eta gehien mugatu beharko luke ohiko pirotekniaren erabilera, suzirien erabilera murriztu eta su artifizial isilekin ordezkatu, giza populazio kalteberari eta animaliei ez eragiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!