Urtea garaipenarekin amaitu zuten jubenilek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 00:00
Maila bikaina erakusten ari dira Hernaniko jubenilak.

Hernanik nagusitasunez hartu zuen mendean Bera Bera. Urtarrilaren 13an itzuliko dira lehiaketara. 

Garaipenarekin amaitu zuten 2023a Hernaniko Boleibol Taldeko mutil jubenilek. Bera Bera taldearen aurka jokatu zuten kiroldegian, eta nagusitasunez irabaztea lortu zuten: 3-1.

Partiduko lehenengo jokoak bereziki berdinduak izan ziren. Bi taldeak elkarri neurria hartzen saiatu ziren, eta Bera Berak gehitu zuen lehenengo puntua, 23-25 irabazita. Hortik aurrera, ordea, guztiz aldatu zen partidua. Hernanik erritmoa bizitu zuen bigarren jokoan, eta 25-11 irabazita partidua berdintzea lortu zuen.

Hirugarren jokoan ere Hernanik izan zuen kontrola, nahiz eta emaitza estuagoa izan (25-22). Partidua erabakitzeko jokoan, laugarrenean, Hernanik berriro erakutsi zuen maila hobea zuela, eta ez zion aukerarik eman Bera Berari. 25-10 irabazita amaitu zen partidua.

Urtea garaipenarekin eta pozik amaitu zuten Hernaniko mutil jubenilek, eta urtarrilaren 13an itzuliko dira ligako partiduetara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!