Gabonetako oporraldia aprobetxatuz, jarduera ugari antolatu ditu Portuko Auzo Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 00:00

2023a bukatzeko eta 2024a hasteko lau jarduera prestatu dituzte Portuko Auzo Elkarteko kideek. Lehenengoa gaur bertan izango da.

Gabonetako oporrak aprobetxatzeko asmoz, lau jarduera antolatu ditu Portuko Auzo Elkarteak auzotar guztientzat. Irteerak, tailerrak eta askotariko ekintzak izango dira urtea agurtzeko eta urte berriari ongi etorria emateko.

Lehenengoa gaur bertan egingo dute. Arratsaldeko 17:00etan umeentzako pelikula emanaldia izango da Auzo Elkartearen lokalean.

Bigarren jarduera urteko azken egunean izango da, abenduaren 31n. Auzoa atzean utzi eta Santa Barbarako bidea hartuko dute Portuko bizilagunek. Urte bukaera ospatzeko ibilaldia egingo dute bertako gotorlekuraino. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Ibarrolaburu plazatik.

Urte berriarekin batera iritsiko dira hurrengo bi jarduerak. Urtarrilaren 2rako erroskila tailerra antolatu dute auzoan. Jakinarazi dute plaza kopuru mugatua izango dela, beraz, aurretik izena eman beharko da.

Azkenik, urtarrilaren 4an, papera egiteko tailerra izango da Portun. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jarduera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!