Objektu sinpleekin egindako musika tresnak oinarri gaur, Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 26a, 00:00

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da 'Matrama ma non tropo' emanaldia, Milagrosan, Trakamatraka konpainiaren eskutik.

Atzoko eguna Olentzerok eta Mari Domingik ekarritako jostailuekin eta familiarekin etxeko goxotasunean pasa ostean, gaurko plan ederra dute Hernaniko familiek, 'Neguko oporretan zer?' programazioari esker. 

Trakamatraka konpainiak 'Matraka ma non troppo' ikuskizuna ekarriko du Milagrosara, eta arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera musika tresnak sortzeko tailerrari. 

Honela definitu du Tramatraka konpainiak gaurko ikuskizuna: «Gizarte honek baztertzen dituen objektuekin egindako musika tresnak oinarri dituen ikuskizun musikala. Jazz erritmodun mangerak, didgeridoo bihurtuko diren yogurt potoak, kriskitin konplejua daukaten maionesa tapa jotazaleak, erritmo afrikarrez beteriko kuboak, gorputzean itsatsirik geratzen den doinua fabrikatzen duten hodiak… ».

Eta konpainiak dio hori guztia Trakamatrakan dagoela: «Musika aniztasuna, sormena eta irudimena, birziklatzea eta ingurumenarekiko errespetua bateratzen dituen proiektuan».

'Trakamatraka', publiko guztiarentzat

Jon Urrutia musikariak 2017an sortutako proiektua da 'Trakamatraka', eta sormen musikalaren inguruan etengabeko bide alternatiboen bilaketan dagoen konpainia gisa definitzen da.

Familia osoarentzako musika ikuskizunak eskaintzen dituzte, eguneroko edo berrerabilitako elementuak erabiliz. Umorez beteriko musika eta antzerki proposamen honek munduari buruzko gogoetarako tartea emango die herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!