Aldabek eta Barrenetxeak porrota, Binakako Txapelketaren finalerdian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 26a, 00:00

Binakako Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu dira Urriza eta Azpiroz; eta Bigarren mailako txapelketako finalera, Irazu eta Apezetxea.

Binakako Txapelketa nagusiko eta Bigarren mailako finalerdiak jokatuko ziren larunbatean, Galarretan. Eta Bailarako erremontariak izan ziren bi finalerdietan. Txapelketa Nagusian Aldabek eta Barrenetxeak ezin izan zituzten Urriza eta Azpiroz garaitu: 2-1 (15-14, 11-15 eta 8-1).  Finalerdia hirugarren setean erabaki zen 8-1eko partzialarekin; modu honetara, Urriza eta Azpiroz sailkatu dira finalera, eta aurrez aurre izango dituzte Ansa II.a eta Martirena.

Partiduan, Aldabe eta Barrenetxea set bakoitza irabazten hasi ziren (1-0), baina Urrizak eta Azpirozek buelta eman zioten partiduari. Barrenetxearen sakearen eta Aldaberen errematearen aurrean, Urrizak eta Azpirozek erreakzionatzen jakin zuten, eta 1-8ko partzialarekin, 10-12ra pasa ziren. Jarraian, Barrenetxeak hiru huts egin zituen eta Urrizak egindako bi tantorekin, seta irabazi zuten gorriek (15-14). Orokorrean aurrelariak izan ziren partida osoko protagonistak. 

Bigarren setean, Urrizaren bi tantorekin hasi zuten partidua, baina bikote urdina oso sendo zegoen eta ia akatsik egin gabe jokatu zuen. Bigarren seta, beraz, urdinentzat izan zen (11-15). Aldabe izan zen onena bederatzi tanto eginez. 

Berdinketa hausteko, hirugarren setak erabaki zuen finalerdia. 8-0eko partzial batek erabakita utzi zuen partida (8-1), Urriza eta Azpirozek irabazi zuten norgehiagoka.

Irazu eta Apezetxea goizuetarra, finalera

Bigarren mailako txapelketaren finalerdia ere jokatuko zen larunbatean. Irazuk eta Apezetxea goizuetarrak lortu zuten garaipena (0-2). Beraz, finala jokatuko dute Hernaniko eta Urnietako Aiestaranen eta Goikoetxearen aurka. Binakako txapelketan, bailarako hiru erremontista izango dira kantxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!