Piroteknian alternatibak bilatzeko eskatu dio Podemosek, Udalari

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 24a, 00:00

Era berean, piroteknia konbentzionalak sortu ditzakeen ondorio kaltegarriei buruzko kontzientziazio kanpaina abiaraztea ere eskatu du talde moreak.

Gabonen bueltan, Hernaniko Podemosek Hernaniko Udalari eskatu dio piroteknia konbentzionalaren, petardoen eta suzirien erabileraren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientziazio kanpaina abiaraztea, «baita zaratarik gabeko su artifizial alternatiboen erabilera sustatzea ere», gehitu du. 

Podemosek azaldu du, ikuskizun pirotekniko konbentzionalek eragin «negatibo ugari» eragiten dituztela «batik bat, haurrengan eta autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonengan. Izan ere, zaratarekiko hipersentikorrak diren pertsonak dira, eta burrunbek estres-maila haundia eragiten die, suminkortasuna, beldurra edota antsietatea eraginez».

Bestalde, talde moreak animaliak ere ekarri ditu gogora: «animalien defentsarekin eta zaintzarekin lotutako elkarteak aspalditik dabiltza pirotekniak animaliengan duten eragin kaltegarriak salatzen; besteak beste, izuaren ondorioz kotxeek harrapatuta». Hala ere, Podemosek aitortu du efektu horiek ez dutela bakarrik etxeko animaliei eragiten: «basa-faunari ere bai, esaterako, hegazti basatiak. Hauek desorientatu egiten dira, eta askok heriotza jasaten dute».

Horregatik, Podemosek honakoa adierazi du: «tokiko mailan baimendutako ekitaldien kasuan, Udalak ahalik eta gehien mugatu beharko luke ohiko piroteknia erabilera, suzirien erabilera murriztu eta su artifizial isilekin ordezkatu, herritarrei eta animaliei kalterik ez eragiteko».

Amaitzeko, Elkarrekin Podemosek zenbait proposamen helarazi nahi izan dizkio Udalari: «lehenik, auzoetako auzo elkarteekin batera, piroteknia konbentzionalaren, petardoen eta suzirien erabileraren ondorio kaltegarriei buruzko kontzientziazio-kanpaina abiaraztea; bigarren, zaratarik gabeko su artifizial alternatiboen erabilera sustatzea; hirugarren, kabalgatetan, karrozetan, desfileetan edo Olentzeroren etorreran zaratarik gabeko espazio bat sortzea, non tarte jakin batean (200 metro adibidez) musika jotzeari eta oihu egiteari utziko zaion, AEN duten haur horiek aisialdiko jarduerez ere gozatzeko aukera izan dezaten; eta azkenik, partikularrek petardoak eta su artifizialak erabiltzeari buruzko ordenantza arautzea eta betearaztea, herritarrei eta animaliei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!