Palestinarrei laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 23a, 00:00

UAWC elkarte palestinarrari egingo zaio dohaintza, elikagaiak, arropak eta mantak bideratu ditzan Gazara.

Hernaniko Udalak 10.000 euroko dirulaguntza bideratu du Palestinako herritarrei laguntzeko. Lankidetza sailak larrialdi egoeretara bideratzeko jasota zuen kopuru osoa da. 

Duela bi hilabete pasatxotik, Israelgo estatua Gazako zerrenda bonbardatzen ari da egunero. Gaza Gipuzkoa baino bost aldiz txikiagoa da eta bi milioi eta erdi pertsona bizi dira bertan. Israelen erasoen ondorioz, oso egoera larrian daude bertan bizi diren palestinarrak.

Union of Agricultural Work Comittees (UAWC) erakunde palestinarraren bidez helaraziko da laguntza, Gazako herritarrei elikagaiak, arropa eta mantak bideratzeko. Israelgo estatuak jartzen dituen oztopoak direla eta, Udalak dio ezinezkoa dela laguntza zuzenean bideratzea Palestinako erakundeei. Horregatik, Euskal Herrian jarduten duen Bizilur erakundearen bidez helaraziko da laguntza. Hauek, zuzeneko harremana dute UAWC erakundearekin. 

Itsaso Lekuona, Lankidetza zinegotziak azaldu du garrantzitsua iruditzen zaiela laguntza bertako elkarteen bidez bideratzea. 

Dohaintza hau asteazkeneko osoko bilkuran onartu zen EH Bilduren, PSE-EEeren eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. EAJ abstenitu egin zen. 

 

Bailarakoek dohaintza egiteko aukera

Bizilur UAWC-k Gazako gosete-krisiari erantzuteko kanpaina babesten ere ari da eta diru-laguntza egin nahi duen pertsona orok, stopgazastarvation.org webgunean sartuta egin dezake.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!