«Ilusioz prestatu dugu kalejira, familiok herriari ekarpena egiteko aukera ezin hobea iruditzen zaigu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 23a, 00:00

Antolaketan dabilen guraso taldeetako bat, Biterin. Aitortu dute herritar oro izango dela kalejiran ongi etorria.

Bihar goizeko 11:00etan abiatuko da Gabon erronda herriko txoko ezberdinetatik. 12:30etan amaituko dute denek, Gudarien Plazan, elkarrekin lau abesti kantatzeko. 

Azken urteetan, erronda herrikoiak indarra galdu du. Duela urte batzuk, Gabonetan etxez etxe kantatzeko ohitura zena, gaur egungo 'aspaldiko kontuak dira horiek' esaldira bilakatu da. Eta ohitura hori galtzearen arrazoi finkorik ez badago ere, Hezkuntza Plataformak ondorengo proposamena helarazi zien, herriko guraso guztiei: Kalejira herrikoia antolatzea Gabonetan, alegia, Gabon erronda. 

Prozesua hasi eta aurreneko bilera egin zutenean, guraso gutxi bertaratu ziren; horregatik, bigarren deialdi baten beharra ikusi zuen Hezkuntza Plataformak, ondokoa gogoraraziz: «gurasoen esku dago horrelako jarduera bat egitea». Hortik aurrera, guraso mordoa gerturatu zen deialdira, eta mugimendua sortuz, erabaki zuten Elizatxoko, Urumeako eta Langileko gurasoek,  Aratz ikastolarekin batera kalejira herrikoiaren testigua hartzea.

Beraz, herriko zenbait guraso Aratz ikastolarekin batera buru-belarri jardun dute antolaketa lanetan, eta fruituak eman ditu egindako lan guztiak: kalejira herrikoia antolatu baitute, biharko. 

«Ohitura zaharrak berreskuratzeko» asmotan, herriko haur eta helduek aukera izango dute bihar, kalejira baten bueltan herriko txokoak zeharkatzeko, musika lagun dutela. Hernaniko ikastoletako gurasoek eta Aratz ikastolako guraso eta irakasleek «ilusioz» prestatu dute ekimena, izan ere, sinesten dute familia giroak herriari ekarpena egiteko aukera ezin hobea dela, beraz, herritarrei parte hartzeko gonbitea luzatu diete: «jantzi baserritarrez eta etorri kalejira herrikoira».

Guztira 4 ibilbidek musikaz eta kantuz beteko dituzte herriko kaleak, eta denak elkartuko dira eguerdiko 12:30etan, Gudarien plazan. Lau multzotan banatuko dira herriko haurrak: batetik, haur hezkuntzako ikasleak; bestetik, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako lehen hezkuntzako ikasleak; bestetik, laugarren, bosgarren, eta seigarren mailako lehen hezkuntzako ikasleak; eta azkenik, Aratz ikastolatik aterako den taldea. Lau ibilbidetan banatu dute jarduera, Hernaniko auzo ezberdinetara ere heltzeko, hala aitortu dute antolatzen dabiltzan gurasoek: «askotan, jarduera gehienak kaxkoan egiten dira, eta horregatik, lau ibilbide osatu ditugu, erdigunetik urrun dauden auzo horietara ere heltzeko, eta bertako auzotarrak ere ekimenaren parte izan daitezen».

Kalejiran, blokeka, denak elkarrekin joango dira, lau ikastoletako Olentzeroak bizkarrean hartuta, ikasle eta guraso musikarien laguntzarekin giro ederrean, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera iragartzeko asmoz.

Haur hezkuntzako ikasleen kasuan, goizeko 11:00etan abiatuko dute kalejira Atsegindegitik. Urbieta kalera joango dira pixkanaka, eta Azaroan 25eko plaza pasa ostean, Iturriaga Kalea hartu eta Tilosetara igoko dira, Gudarien plazan amaitzeko.

Lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailako ikasleen kasuan, Bidebieta plazatik abiatuko dira denak elkarrekin kalejiran, 11:00etan. Antziola kalea igaro eta Elkano kalea hartuko dute, Latsunbera joateko (Orbegozo). Hortik, Zinkoeneako plazatik pasa eta kale nagusitik gora, Plaza Berri pasako dute, eta Gudarien plazara iritsiko dira Andrekale kaletik.

Laugarren, bosgarren eta seigarren mailako eta goragoko ikasleek, Karabeleko Olaeta plazan dute hitzordua, 11:00etan. Portu auzora abiatuko dura, eta  Ondi Kalean gora, Larramendira helduko dira. Elkano kalea hartuko dute segidan, Biterira jaitsiz. Nafar kaletik barrena, kale nagusian gora egingo dute, Gudarien Plazara heldu arte. 

Aratz ikastolatik aterako den taldea, Sandiusterritik abiatuko da kalejiran, 11:00etan hasita. Zaharren egoitza ondotik igaroko dira bertako helduak agurtuz, eta Oiartzu kaletik (Elur Txori) Biterira gerturatuko dira. Jarraian, Tilosetara igo, plazatik pasa eta Andre kale jaitsiko dute, Plaza Berriraino. Bertatik Kale nagusia hartu, eta plazaraino igoko dira. Aratz ikastolaren blokea, Urumea txarangaren laguntzarekin zeharkatuko ditu herriko zenbait txoko. 

12:30etan lau blokeak elkartuko dira Gudarien Plazan eta elkarrekin, lauzpabost abesti kantatuko dituzte, Gabon giro ederra jarriz. Eta amaitzeko antolatzaileek ohartarazi dute parte hartzaileek ez dutela zertan herriko ikasleak izan behar, denak daudela kalejira herrikoira gonbidatuta.

 

'Janari osasuntsua! Jangela duina!' lemapean, elkarretaratzea

Azaroan, Langile ikastolak Serunion jatetxe-enpresarekin izandako janari arazoak oraindik ahaztu gabe, kalejira amaitu osterako,  'Janari osasuntsua! Jangela duina!' aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dute ikastolako familiek. Hitzordua 13:00etan izango da, kalejira amaituta, Plazan eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete.

 

LAU IBILBIDE

1. Ibilbidea (HHko ikasleak)

11:00 Atsegindegitik. Jarraian, Urbieta kalean, Azaroak 25 plaza, Iturriaga kalea, Tilos eta Gudarien Plaza. 

 

2. Ibilbidea (LH 1, 2 eta 3ko ikasleak)

11:00 Bidebieta plazatik. Jarraian Antziola kalea, Elkano kaleak, Latsunbe kalea (Orbegozo), Zinkoenea, Kale Nagusia, Plaza Berri, Andre Kale eta Gudarien Plaza.

3. Ibilbidea (LH 4, 5, 6 eta hortik gorako ikasleak)

11:00 Olaeta plazatik (Karabel). Jarrian, Ibarrolaburu plaza (Portu), Ondi kalea, Larramendi kalea, Elkano kalea, Biteri, Nafar kalea, Kale Nagusia eta Gudarien Plaza. 

4. Ibilbidea (Aratz ikastolatik)

11:00 Aratz ikastolatik. Sandiusterri, Zaharren Egoitza, Oartzu kalea (Elur-Txori), Biteri, Tilos, Gudarien Plaza, Andre Kale, Plaza Berri, Klae Nagusia eta Gudarien Plaza.

12:30, Plazan elkartuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!