Inoizko aurrekontu haundiena onartu zuen Hernaniko Udalak Osoko Bilkuran

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 22a, 00:00

Oier Agirresarobe Ogasuneko zinegotzia eta Xabier Lertxundi alkatea.

38.116.300 euroko aurrekontua izango du Hernaniko Udalak 2024an. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten.

Pasa den asteazkenean egin zuten abenduko Osoko Bilkura Hernaniko udaletxean. Landutako puntu guztien artean, Hernaniko Udaleko 2024 urteko aurrekontu orokorra onartzeko bozketa izan zen garrantzitsuena. Hernanik sekula izan duen aurrekonturik haundiena onartu zuten bertan, 38.116.300 eurokoa, EH Bilduren aldeko botoekin. Oposizioko alderdi guztiek ezezkoa eman zioten proposamenari.

Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu zuen «pozteko modukoa» dela aurrekontua onartzea; izan ere, aurtengoa baino %15,03 haundiagoa izango da. Oier Agirresarobe Ogasuneko zinegotziak ere hartu zuen hitza bilkuran, eta azaldu zuen «hernaniarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea eta hobetzea» dela helburu nagusia.

Inbertsioen kopurua haundituko dute gehien

Aurrekontuaren igoera inbertsioen atalean islatuko da gehienbat. Udalak 3.230.000 euro bideratuko ditu horietara, aurten baino %303,78 gehiago. Proiektu nagusiei buruz hitz egiterakoan, honakoak aipatu dituzte: Karobietako urbanizazio lanak; Osinaga eta Epele auzoetako saneamendu sarearen obrak; kulturgune berriaren proiektuaren idazketa; Laiztiaga-Etxeberri eremuko euri-uren sarearen proiektuaren idazketa; Goiz Eguzki berritzeko lanak eta kiroldegiaren birgaitze energetikoaren exekuzio proiektuaren idazketa.

Oposizioak ezezkoa

Oposizioko talde guztiek ezezkoa eman zioten aurkeztutako proposamenari. Andoni Amonarraiz, Hernaniko EAJ-PNVko bozeramailea, «harrituta» agertu da EH Bilduren jarrerarekin: «Ezusteko haundia izan da ikustea guk aurkeztutako zuzenketa batzuk EH Bilduk ez dituela mahai gainean jarri negoziatzeko, eta beste batzuk atzera bota dituela haien hauteskunde programan zeudela argudiatuta», azaldu du.

PSE-EEk ere, «Gobernu taldearekin izandako elkarrizketa eskertu arren», ezezkoa eman zuen bozketan. Ricardo Crespok azaldu du 394.000 euroko zuzenketa partzialak aurkeztu dituztela sozialistek, baina «EH Bilduk sustatzen dituen politikek» jarri dutela PSE-EE proposamenaren aurka.

Elkarrekin Podemosen kasuan, aurrekontuan biltzen diren proiektu haundiek galarazi dute taldearen baiezkoa: «Egia da udal batek ibilbide orri bat izan behar duela, baina gure taldea ez dator bat hainbeste ahalegin eta diru 'proiektu izarretara' bideratzearekin eta premiazkoei, apalei eta egunerokotasunari ez erantzutearekin».


Kritika eta proposamen ugari

Oposizioko taldeek egindako hitzartzeetan zenbait proiekturi eta gairi buruzko kritikak izan ziren. EAJ-PNVk eta PSE-EEk, esaterako, bat egin zuten Atez Atekoaren gaiarekin. Amonarraizek adierazi zuen «Atez Atekoa helburu politikoa dela, ahalik eta eraginkorrena den zerbitzu publiko bat izan beharko lukenean». Crespok gehitu zuen «Atez Atekoari inolako aldaketa edo azterketarik gabe eustearen aurka» daudela sozialistak. Kulturgune berriaren kokalekua ere zalantzan jarri zuten bi alderdietako bozeramaileek.

Elkarrekin Podemosek «gauzatu gabeko inbertsioetan» jarri zuen azpimarra: «2023an ez dute bere proposamenen %30 ere gauzatzeko gaitasunik izan. Urtez urte inbertsioen promesak egiten ari dira». Horien artean Ave Maria parkearen, kiroldegiaren edota Goiz Eguzkiren egoera mahaigaineratu zituen Jaione Aristregi bozeramaileak.

Gobernu Taldea, «harrituta»

Jasotako erantzunaren ondoren, «harridura» adierazi zuen Xabier Lertxundik: «Apenas egon da erabat baztertu den zuzenketa edo proposamenik. Bileretan hitz batzuk erabiltzen dira eta gero, osoko bilkuran, badirudi ez garela bildu ere egin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!