Santo Tomas eguna ospatzeko aukera izango da Hernanin, bihar eta etzi

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 00:00

Arrakasta izan ohi du Zelabidek antolatutako Santo Tomas egunak.

Goiz Eguzkik bihar ospatuko du Santo Tomas eguna eta Zelabide Auzo Elkarteak, berriz, ostiralean.

Urtero bezala, Santo Tomas eguna ospatuko du Goiz Eguzki elkarteak bihar, abenduaren 21ean. Goiz osoko plana izango dute bertaratzen diren lagunek; goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara txistorrada izango da, eta eguerdian, 13:00ak aldera, sari banaketa izango dute karta txapelketetako eta kale-jolasetako txapeldunentzat.

Horrren guztiaren ondoren, Goiz Eguzkiko Santo Tomas jaiari amaiera emateko, Gabonetako 20 lote zozkatuko dituzte kuotak ordainduta dituzten kideen artean.

Zelabiden ere, Santo Tomas

Zelabide Auzo Elkarteari dagokionez, etzi ospatuko dute Santo Tomas eguna. Auzoko zein herriko haurrek zilipurdika ibiltzeko tartea izango dute etzi, izan ere, puzgarriak egongo dira arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitartean Gabriel Zelaia Plazan eta txistorra dastatu nahi duenak ere aukera izango du, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 21:00etara bitartean.

SANTO TOMAS
Hernanin

BIHAR

11:00-13:00 Txistorrada Goiz Eguzkin. Segidan sari banaketa.

ETZI

16:00 Puzgarriak Gabriel Zelaian.

18:00-21:00 Txistorrada. Gabriel Zelaian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!