80 urtetik gorakoak omendu zituzten Portun

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 18a, 00:00

Jende ugari elkartu zen atzoko omenaldian.

Santo Tomas eguna ospatzearekin batera, bizilagun helduenak omendu zituen Auzo Elkarteak.

Santo Tomas eguneko ospakizuna aprobetxatuta, omenaldi hunkigarria egin zien atzo Portuko Auzo Elkarteak 80 urtetik gorako bizilagunei.

Xumea bezain polita izan zen ekitaldia; jende ugari bildu zen Ibarrolaburu plazan, eta pozarren hartu zuten auzoaren esker ona omendutako pertsonek.

Agurra dantzatu ondoren, bakoitzarekin hitz egiteko tartea hartu zuten antolatzaileek, eta bertso bat prestatu zuten urte luzetan egindako lana eskertzeko:

Hainbeste urtez egin duzue
hain bide eskuzabala
Auzolanean eraikitzea
ez da meritu makala
Zuei eskerrak gu hemen gaude
jarraituz zuen itzala
Auzotar denok desio dugu
arrainak ura bezala
Zuen bideak Portu auzoan
luzaro jarrai dezala

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!