Bigarren aldiz jarraian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Nerea Ibarzabalek

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 18a, 00:00

Bigarren aldiz txapela eta aginte makila eskuratu zituen Ibarzabalek.

1036,5 punturekin irabazi zuen Ibarzabalek finala, buruz burukoan Jone Uriarekin abestuta. 4.500 lagun elkartu ziren Miribillan.

Begirada guztiak beregan iltzatuta zauden, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren aldiz, Nerea Ibarzabal Salegik, Hernanin bizi den markina-xemeindarrak, jantzi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela.

4.500 pertsona elkartu ziren final haundian, eta giro beroa sortu zuten hasiera hasieratik. Oholtzan, Ibarzabalekin batera, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti aritu ziren. Zenbait bertsolariri kosta egin zitzaien hasierako urduritasunak ahaztea, baina ariketa guztietan sortu zituzten ale dotoreak.

Ibarzabalek finalaren lehenengo zatiko erdialdetik aurrera izan zuen gorakada. Puntu erantzunetan puntuazio altuena lortu zuen (87,5), eta ariketa txukunak osatu zituen hamarreko txikien eta bakarka.

2021eko buruz burukoaren errepikapena

Sorpresaz hartu zuten Nerea Ibarzabalek eta Jone Uriak buruz burukora sailkatzea. 2021eko txapelketako azken fasea berritzeko aukera izan zuten bertsolariek, eta ariketa guztietan nabaritu zen bien arteko konplizitatea.

Ariketa guztien artean seiko motzean asmatu zuten gehien, denboran 20 urte atzera eginda. Ganbarako ariketan 'Kasualitate hutsa izan zan, baina orain, inoz gertatu jatzun onena dala uste dozu' gaiari bikain erantzun zioten bi bertsolariek.

Azkenean, 1036,5 punturekin gailendu zen Ibarzabal, eta 1029 lortu zituen Uriak. Final berezia izango zela aurreikusten zen, eta hori sari banaketan nabarmendu zen; aldarrikapenez eta sentimenduz jositako amaiera eman baitzioten txapelketari.

 

TXAPELDUNAREN AGURRA

Doinua: Langile baten semea naiz ni


Barrua bete zaigu hemengo 
griña arnastean 
Hau gal daiteke euskara
hezkuntzan 
ez irakastean 
Bihotza Gazan astean 
Hil nahiko duten gaztean 
Kartzelak lepo ta denok preso 
merkatu askean 
Badirudi kontrastean 
Argi izpi bat desastrean 
Dena izozten dela batenbat 
kantuan hastean 
Badirudi kontrastean 
Argi izpi bat desastrean 
Dena izozten dela herri bat 
kantuan hastean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!