Hernani Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu izendatzeko prozesua hasiko du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 17a, 00:00

Izendapena jasotzeko baldintzak betetzen ditu Hernanik, eta Udala dagoeneko hasi da aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzen.

Eusko Jaurlaritzak pasa den ostegunean jakinarazi zion Hernaniko Udalari Hernanik Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu izendapena jasotzeko baldintzak betetzen dituela. Onespen horrek ez du herria zuzenean tentsio eremu izendatzen, baina prozesua martxan jartzeko ateak zabaldu dizkio Udalari: «Albiste ona da Hernanik Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu izendapena jasotzeko aukera izatea. Izan ere, gure udalerrian etxebizitzarekin dagoen arazoa arintzen lagun dezakeen neurria izango delakoan dago Udala», azaldu dute. 

Izendapena jasotzeko honakoak dira Hernaniko Udalak jarraitu beharko dituen pausuak: «Lehenik, izendapena formalki eskatu behar du Udalak. Ondoren, justifikazio memoria aurkeztu, parte hartze prozesua gauzatu eta Ekintza Plana diseinatu eta entregatu beharko ditu». 

Udaletik nabarmendu dute Etxebizitza saila dagoeneko hasi dela aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzen, izendapena ahal den azkarren jasotzeko.

 

Parte hartzeko deia egin die Udalak herritarrei

Izendapena eskuratzeko prozesuan parte hartzearekin lotutako pausoak eman behar ditu Hernanik. Hortaz, herritarrei parte hartzeko deia egin die Udalak: «Udalak herritarrekin elkarlanean aritu nahi du etxebizitzaren arloan, gure herrian arazo bihurtu den arlo honi konponbidea emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!