Ignacio Ocioren oroimenez eskubaloi partidua izango da gaur kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Bera Beraren eta Beti Onaken arteko partidua izango da 18:00etan. Ocioren «konpromisoa» nabarmendu dute Hernaniko klubetik.

Egun berezia izango da gaur Hernaniko eskubaloiarentzat. Ignacio Ocio Hernaniko Eskubaloi Taldeko entrenatzailea izan zenaren omenez, Bera Bera eta Beti Onak taldeen arteko partidua jokatuko dute kiroldegian 18:00etan hasita. Hernaniko Eskubaloi Taldeak antolatu du partidu bidezko omenaldia, Ociok izan zuen «konpromisoa eta grina» aitortzeko: «Bere lan nekaezina zela medio, kirol komunitatean ondare iraunkorra utzita hil zen. Ignacio Ociok arrastoa utzi zuen herriko eskubaloiaren historian».

Bere kirol lorpenez gain, kirolean berdintasunaren aldeko borroka eta emakumezkoen eskubaloiaren sustapenean egindako lana ere nabarmentzekoak dira. Kirol honenganako izan zuen dedikazio eta pasio nekaezina aitortzeko unea ere izango da. Bere ondareak herriko kirol komunitatean duen garrantzia gogoraraziko duen merezitako omenaldia izatea espero da.

Sarrerak 5 eurotan salduko dituzte. Sarrerarekin batera zozketarako zenbakia eskuratu ahal izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!