Iñigo Legorburuk IX. Oihenart aforismo lehiaketa irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Juan Ramon Alberdi, Joseba Sarrionaindia eta Iñigo Legorburu sari banaketan.

Hirugarren aldiz lortu du garaipena sariketa honetan, 2015 eta 2019 urteetan ere irabazi ondoren.

Iñigo Legorburuk irabazi du IX. Oihenart aforismo lehiaketa hirugarren aldiz, 2015ean eta 2019an ere sari nagusia lortu eta gero. Atzo eguerdian eman ziren jakitera EHUko Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Joxe Azurmendi Katedra eta Donostiako Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatu zuten garaileen izenak. Helduen mailan, Iñigo Legorburu gailendu zen, bigarren saria, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak lortu zuen, aforismoen munduan ibilbide luzeko idazlea eta narratiban zein ipuin lehiaketetan hainbat sari lortutakoa.

Hirugarren aldiz gailendu den arren, 2021ean bigarren saria eskuratzea ere lortu zuen Legorburuk, Juan Ramon Alberdi azkoitiarraren atzetik. Lehiaketako beste irabazle eta partehartzaile klasiko bat da Alberdi. 

Aurtengo edizioak berritasunak zekartzan arauetan, izan ere orain arte nahi adina aforismo aurkeztu zitezkeen lan bakarrean eta jorratzen ziren pentsamendu edo hausnarketak, guztiz  libreak ziren. Oraingoan ordea, Joxe Azurmendi beraren hausnarketa jasotzen duen paragrafo bat jarri zieten abiapuntutzat idazleei, Entzutea, arimako jarrera sakon bat da esaldiarekin hasten zena. Hortik aurrera, egileek Azurmendiren hausnarketa modu zabalean ulertu eta euren aforismoak aurkezteko aukera izan zuten, 500 hitz/2000 karaktereko mugarekin.

 

'Ardi-men artifiziala', izenburua

Legorbururen aforismo sortak Ardi-men artifiziala darama izenburutzat eta ia 50 aforismo biltzen ditu. Hortik hasita, «jokorako eta jolaserako beta eskeintzea du helburu nire lanak, irakurleak une atsegin bat pasa eta ahal bada, irribarre bat ateratzeko asmoarekin» egilearen esanetan. Legorburuk azpimarratzen du «presazko eta hitz gutxitan asko esatea eskatzen duen gizarte honetan, aforismoa tresna ederra da ideia batzuk zalantzan jarri zein beste pentsamendu batzuk helarazteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!