Makina bat ekitaldi izango dira bailaran asteburu honetan, Santo Tomas Eguna aitzakia hartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko abe. 16a, 00:00

Santo Tomas Eguna Hernanin. Artxiboko irudia.

Astigarragan txalapartak emango dio irekiera jaiari, goizeko 10:00etan, eta, ordu berean, Hernani Club Rugby Elkarteak postua jarriko du Kale Nagusiko dendaren ondoan. San Joan Konpartsak 11:00etan irekiko du berea Plaza Berrin.

Santo Tomas eguna ospatzeko ekitaldi sorta zabala izango da bailaran, asteburuan. Hernaniarrak izango dira lehenak jan-edana eskaintzen, errugbi elkarteak postua jarriko baitu, gaur, Kale Nagusian duen dendaren ondoan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 15:00ak arte. Hernaniko San Joan Konpartsak ere pintxoak, bokadiloak eta taloak izango ditu salgai Plaza Berrin, 11:00etatik 14:30ak bitarte, eta arratsaldean Patxi eta Konpainia erromeri taldeaz gozatzeko aukera izango da, 18:00etatik 21:00ak arte. Eguraldi txarra egiten badu, erromeria Atsegindegira lekualdatuko da.

Astigarragan, frontoian eta Foru Plazan izango da festa, Herri Eskolak antolatuta. Txalapartak emango dio hasiera jaiari, eta segidan ikasleek postuak jarriko dituzte. 11:30etan dantza jaialdia eta bokata banaketa izango da, eta ordu erdi geroago txerritxoa eta bi saski zozkatuko dira. Erromeriarik ere ez da faltako herrian, 12:15etan trikitixa eta pandero soinuek alaituko dituzte kaleak, eta goiz osoan zehar, erakusketak eta tailerrak izango dira: txorimaloak eta bertako barazkiak izango dira ikusgai erakusketetan, eta tailerrei dagokionez, zapiak nola jantzi eta gabonetako zuhaitzak apaintzeko apaingarriak egiteko aukera izango da. Jaiari eguerdiko 13:00etan emango zaio amaiera.

 

Bihar ere festaz gozatzeko parada

Portuko eta Lizeagako auzo elkarteek bihar ospatuko dute Santo Tomas eguna. Portun 12:00etan izango da txistorrada, Ibarrolaburu Plazan, eta ondoren auzo elkartearen Gabonetako saskia zozkatuko da. Lizeagari dagokionez, txistorrada 12:30etatik aurrera eskainiko da, Auzo Plazan edo Urumea ikastolan, eta 13:00etan, berriz, lau saski zozkatuko dira Gibelaldeko bazkideen artean. Bazkidetza berretsi edota bazkide berriak egiteko 2024ko kanpaina txistorra-postuan bertan izango da. Gabonetako erakusketa ere ikusgai egongo da auzotarrek utzitako material birziklatuekin: gaur izango da inaugurazioa, arratsaldeko 17:00etan. 

 

SANTO TOMAS EGITARAUA

HERNANI

GAUR
10:00-15:00 Txistorra postua - Hernani Club Rugby Elkarteak. Kale Nagusiko dendaren ondoan

11:00-14:30 Txistorrada - Hernaniko San Joan Konpartsak. Plaza Berrin

18:00-21:00 Erromeria - Hernaniko San Joan Konpartsak. Plaza Berrin

BIHAR

12:00 Txistorrada - Portuko auzo elkarteak. Ibarrolaburu Plazan
12:30 Txistorrada - Gibelalde Lizeagako Auzo Elkartea. Auzo Plazan edo Urumea Ikastolan

13:00 Saski zozketa - Gibelalde Lizeagako Auzo Elkartea. Auzo Plazan edo Urumea Ikastolan

ASTIGARRAGA

GAUR 

Frontoian eta Foru Plazan, Astigarragako Herri Eskolak antolatuta

10:00 Jaiaren irekiera txalapartarekin, eta ikasleen postuak

10:30 Bokata banaketa HH2-LH2

11:30 Dantza jaialdia eta bokata banaketa LH3-LH6

12:00 Zozketa

12:15 Erromeria

13:00 Festaren amaiera

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!